Klima eta Energiaren Astearekin bat egingo dugu, gaurtik hasita
Gaurtik hasita eta urriaren 27ra bitartean Asteklima Klimaren eta Energiaren astea egingo da bosgarrenez Euskadin, eta Eibarko Udalak ekimenarekin bat egin du beste behin. Horrela, hainbat jarduera prestatu ditu, Ingurumen sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin, “eibartarrak gaur egun dugun erronka handienetako baten inguruan sentsibilizatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalak hartzearen garrantziaz ohartarazteko”.
Aurten Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da goiburuari jarraituko zaio. Eibarren egingo den programazioarekin hasteko, bihar goizean Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azokaren bigarren edizioa egingo da Untzaga plazan, 10:00etatik 14:30era. Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak eta Egoaizia GKEak antolatu dute azoka, Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia goiburuarekin, eta Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailarekin eta Garapenerako Lankidetza Arloarekin, Debemen Debabarreneko Landa-Garapeneko Elkartearekin eta ENNEK-Ekolurra Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin elkarlanean. Eta domekan, 11:30etik 15:00etara, Klima Azoka izeneko esperientzia interaktiboa egingo da Untzagan (euria bada, Errebal Plazan), “herritarrak klima-aldaketari aurre egiteko beharraz mobilizatu, hezi eta kontzientziatzeko”. Azoka ibiltari horretan hainbat gai (klima-aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna...) jorratuko dituzten karpetan barrena ibilbidea egitera gonbidatuko dituzte herritarrak, eta bertaratzen direnei gai horien inguruko banakako konpromiso bat formaltzeko aukera emango zaie. Arduradunen arabera, “dinamika ludikoa izango da. Karpa bakoitzak jolasak ditu, eguneroko bizitzaren hainbat alderdiri eta klima aldaketan duten eraginari buruz sentsibilizatzeko”.
Bestetik, Udal Liburutegiarekin elkarlanean, Bazen behin oihan zikin bat ipuin-kontakizuna eskainiko dute urriaren 26an. Eta hurrengo egunean (hilak 27), Lurgaia Fundazioaren eta Eibarko Baso Biziak elkartearen laguntzarekin, Botanika, baso-kudeaketa eta klima-aldaketa (Pagaegikorta proiektua) izeneko ibilbidea egingo da, Udalak iaz erositako Pagaegikortako lursailean baso autoktonoa berreskuratzeko egiten ari direna bertatik bertara ikusteko. Jarduera herritar guztientzat zabalik izango da, eta lau kilometroko ibilbidea egingo da (4 ordu inguru), Ixuako aparkalekutik abiatuta. Plazak mugatuak dira eta urriaren 24ra arte eman daiteke izena, info@lurgaia.org helbidera idatzita (parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat adierazi beharko dira).
Egitaraua biribiltzeko, Udal Liburutegian Asteklimari buruzko interesgunea jarri dute, klima-aldaketarekin lotutako hainbat libururekin, eta Eibarko sei ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek eskoletan bertan emango diren tailer zientifiko batzuetan hartuko dute parte.