Klub Deportiboko mendizaleak Aramatik Orendainera joango dira azaroaren 7an

Ibilaldia eginda, mendizaleek Orendaingo elkartean baba-jana egiteko aukera izango dute
Klub Deportiboko mendizaleak Aramatik Orendainera joango dira azaroaren 7an
2025/10/28 12:26
eta kitto!

Arama eta Orendain lotuko dituen ibilbidea egingo dute Eibarko Klub Deportiboko mendizaleek azaroaren 7an. Tartean, Altzagamendi (539 metro) igoko dute eta guztira 16 kilometro egingo dituzte, goraka metatutako 800 metroko desnibelarekin eta beheraka metatutako 650 metroko desnibelarekin. Dena dela, 12,8 km-ko ibilbide alternatibo bat ere laga dute nahi dutenen eskura.

Irteera 08:00etan egingo da Ego Gaineko autobus geltokitik eta geldialdia egingo da Bidebarrieta kaleko 66. zenbakian. Itzulera, bestalde, 18:00etan egitea espero dute. Izan ere, nahi duenak Orendaingo elkartean baba-jana egiteko aukera izango du eta, horretarako, azaroaren 4a baino lehen eman beharko da izena. Oraindik ez dute prezioa zehaztu eta bertaratzen direnen artean banatuko da bazkariaren kostua. Horrez gain, Orendaingo ostatua ere zabalik egongo da.

Irteeran parte hartu ahal izateko izena eman beharko da eta, horretarako mendia@deporeibar.com helbidera idatzi. 943 20 19 04 telefonora deitu (martitzen edo eguenetan, 19:00etatik 20:00etara) edo klubaren bulegora joan (martitzen edo eguenetan, 19:00etatik 20:00etara) beharko da. Deporreko bazkideek 1 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkideak ez direnek 20 euro.