‘Kokapena denbora errealean’ erakusketa zabaldu dute Portalean
Barixakuan zabaldu zuten ‘Kokapena denbora errealean’ izeneko erakusketa, 19:00etan, Portalean. Berez bi erakusketa dira, baina aldi berean ikusteko sortutakoak. Kanpotik etorri arren honezkero erabat eibartartu diren Ane Xixi eta Viviane Straub dira egileak.
Bien
Bien izeneko erakusketak, Ane Xixiren bizipenetik abiatuta, irakurketa autobiografiko bat egiten du pertsona adoptatu gisa bizi izandako hazkuntza-prozesuari buruz.
Pausatik eta distantziatik, sendatuta dagoen horretatik, egileak espazio bat eman nahi izan die egunez egun inguruan izan dituen pertsonei, irteten eta itzultzen lagundu dioten leku seguruei, eta bere gogoetak, eta, ondorioz, bere aurreko lanak markatu dituzten egoera emozional desberdinei.
PASéO
Viviane Straussen PASéO erakusketak oinez ibiltzea lantzen du, paisaia barrutik egiteko beste modu bat bezala, benetako bizipenetik abiatuta, ikustetik baino gehiago sentitzetik, eta, batez ere, gure ingurunearen parte izatea sentitzetik.
Eibarko eta Bilboko berdeguneetara astean hainbat aldiz irten eta oinez marrazteko errituala lur hartzeko eta berriz ainguratzeko ariketa pertsonalago bat izateaz gain azkenean diziplina anitzeko ikerketa bat bihurtzen da, hainbat kontzeptu zalantzan jartzen dituena, hala nola “paisaia”, aurrerapena, erdigunea vs. periferia, kaosa, errorea, errepikapena…
Bisitaldi gidatuak
Martxoaren 23ra arte egongo da ikustera joateko aukera. Horrez gain, bisitaldi gidatuak eskainiko dituzte otsailaren 24an (16:00etan) eta martxoaren 15ean (18:30ean).