Koko jantzita denak balio du Aratosteak jo eta su ospatzeko

Kaldereroen kalejira egingo da gaur eta ekintzaz beteriko asteburua izango dugu aurretik
Koko jantzita denak balio du Aratosteak jo eta su ospatzeko
2025/02/28 12:34
eta kitto!

Eibarren aurreko zapatuan hasi ginen Aratosteak ospatzen, Kezka dantza taldearen koko-dantzari eta koko-marruen eskutik. Lehen agerraldia Errebalen egin zuten, eta egunaren lehen zatia baserririk baserri eman zuten ondoren. Aurten Mandiola eta Aginaga auzoetan ibili dira koko-eskean. Arratsaldean, berriz, herriko kaleetan ibili ziren kalejiran, eibartarrak xaxatzen eta kaleak Aratosteetarako girotzen hasteko.

Atzo ospatu genuen Eguen Zuri egunak ez zuen izan beste urte batzuetako kolore eta bizipoza, irakaskuntza publikoan deitutako grebak bete-betean harrapatu eta ikasleen kalejira guztiak ez zirelako egin. Hala ere, haur eta heldu askok ez zuten galdu nahi izan Liskerren erritmora dantzatzeko aukera, eta arratsalde-pasa ederra egin zuten Untzagan.

 

Kaldereroen kalejira 20:00etan hasiko da

Gaur, berriz, Kaldereroak izango dira jaun eta jabe, beraien kantu eta dantzekin. Kalejira Urkizutik abiatuko da, 20:00etan, eta herriko talde ugarik hartuko dute parte. Untzagan amaituko da baina, aurretik, 20:30ean irakurriko du Jon Alonso musiko eta abeslariak aurtengo Aratosteei hasiera ofiziala emateko pregoia, Eibarko Klub Deportiboaren leihotik.

 

Bihar kuadrillen kalejira

Biharko jai-egitaraua, bestetik, eguerdian hasiko da: 12:30etik aurrera kaleak rock musikarekin girotzen hasiko dira, eta ordu horretan abiatuko da eguneko ekitaldi nagusia, hau da, Udalak antolatutako kuadrillen kalejira-lehiaketa. Parte-hartzaileak Untzagatik irten eta Calbeton, Bidebarrieta, Zuloagatarren eta Toribio Etxebarria kaleak zeharkatuko dituzte, Ustekabe eta Sin Juicio fanfarreek lagunduta. Eta bazkalostean itzuliko da jaia: puzgarriak Errebalen (16:30), haurrentzat berbena Mugi Panderoa taldearekin (19:00), animazio musikala Latuna Bando txarangarekin (19:30), lehiaketetako sariak banatzea, eta Mugi Panderoak girotutako dantzaldia, 23:30etik aurrera Untzagan.

Parrandazaleen hobebeharrez, bete-betea izaten den Aratoste Zapatuaren biharamona askoz lasaiagoa izaten da: domeka goizean Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du (11:00), eta  17:00etan ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako Umeen Playback Lehiaketa hasiko da Untzagan. Eta, sariak banatu ondoren, DJ Arno arituko da musika ipintzen.