Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka egingo da Untzagan urriaren 19an

Bigarrenez antolatu dute, “Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia” goiburuari jarraituta.
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka egingo da Untzagan urriaren 19an
2024/10/11 12:02
eta kitto!

Aste honetan prentsaren aurrean aurkeztutako azoka Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak eta Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu dute, hainbat elkarte eta erakunderen lankidetzarekin (Eibarko Udala, Debemen Debabarreneko landa-garapeneko elkartea, eta ENNEK-Ekolur Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseilua), besteak beste.

Azoka 10:00etatik 14:30era bitartean egongo da zabalik, eta parte hartuko duten 15 ekoizleek sasoiko eta tokiko produktu ekologiko ugari eskainiko dituzte. Gainera, ENNEK-Ekolurrek 5 euroko bonuak ipini ditu eskuragarri udaletxeko atezaintzan, agortu bitartean doan hartzeko. Eta azoka-egunean, produktuz betetako bi otar zozketatuko dira. Produktu ekologikoen postuez gain, hainbat informazio-gune ipiniko dira azokan, herritarrei kontsumo ekologiko eta arduratsuarekin lotutako ekimenen (bidezko merkataritza, moda, osagarriak eta ongizatea) berri emateko. Egunerokoan erabiltzen ditugun produktuak konpondu edota birziklatzeko guneak ere egongo dira azokan, baita umeentzako birziklatze-tailerrak, bi argazki-erakusketa, bizikletak konpontzeko gune bat, eta showcooking bat ere. Bestetik, azoka ezagutzera emateko kartela lehiaketa bidez aukeratu dute, eta Leire Kareaga Udal Dibujo Eskolako irakasleak aurkeztutako proposamenak eraman du saria.

EGITARAUA

10:00 Azokaren hasiera

11:30 Debabarreneko Mankomunitateak antolatutako bilketa selektiborako sentsibilizazio-tailerra.

12:00 EKO errezeta bat prestatu eta dastatu egingo da, Chefintegrativaren eskutik.

14:15 VII. Kartel-lehiaketaren sari-banaketa

14:30 Feriako produktuez osatutako otarren zozketa

14:30 Azokaren amaiera