Kontzertua emango du Pancho Varonak barixakuan, 22:00etan Coliseoan
2019/09/10
18:43
eta kitto!
Pancho Varona Madrilgo musikoak Eibarren egingo du geldialdia, Espainiako 52 txoko bisitatzeko asmoz abiatutako ‘Ruta 52’ biraren barruan. Irailaren 13an (barixakuan) emango du kontzertua, 22:00etan Coliseo antzokian eta sarrerak 14 euro balio du (10 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin). Varonak martxan duen tourrak Madril, Bartzelona, Zaragoza, Valentzia, Guadalajara, Teruel, Caceres… eta Eibarrera ekarriko du. Dioenez, “asmo handirik gabeko” bere Espainiako itzuli berezia da eta Pancho Varonak bere ibilbide artistiko osoari errepasoa egingo dio: 37 urte eman ditu Joaquin Sabinaren aldamenean eta berarekin ehundik gora abesti konposatu ditu. Horrekin batera Serrat, Luz Casal, Pasion Vega, Ana Belen, Miguel Rios, Quique Gonzalez, Christina Rosenvinge, Ana Torroja, Hombres G… modukoekin jardun du beharrean. Orain, berriz, Varonak formatu txikiko kontzertuak egiteko ideia dihardu gauzatzen, taula gainera bakarrik bere gitarrarekin igota. Musikoaren berbetan, abestu ez ezik, “abestien inguruko anekdotak kontatzen ditut, zelan sortu edo zelan grabatu ziren… abestiak kantatu baino kontatu egiten ditut eta”.