“Krutwigen Eibar barrixa” izenburuko saioa eskainiko dute bihar arratsaldean Arrate Kultur Elkartean
2023/06/06
19:22
eta kitto!
Bihar arratsalderako proiekzioa, liburu aurkezpena eta solasaldia antolatu dute Arrate Kultur Elkartean. “Krutwigen Eibar barrixa” izenburuko saioa 19:00etan hasiko da, Krutwigen Lagunak elkarteko Manu Ertzillaren eta Oskar Arantzabal eibartarraren eskutik. Asmoa “Euskal Herriak XX. mendean izan duen pertsonaia nabarmenetariko bat” ezagutzera ematea da, askorentzat ezezaguna baita.
Hain zuzen ere, Krutwigen bizitza eta lana ezagutzera emateko, Nabarralde Fundazioak bere bizitza, pentsaera eta lanak jasotzen dituen liburua argitaratu du, eta Krutwigen Lagunak elkarte edo kolektiboko 13 lagunek idatzi dute bertan, tartean biharko saioan egongo diren Manu Ertzillak eta Oskar Arantzabalek (ELKARRIZKETA IRAKURTZEKO HEMEN SAKATU). Diotenez, “birpentsatze eta lidergo falta garai hauetan, askatasun-sortzaile honen pentsamendua berrirakurtzera gatoz, gure herria astintzera, historiatik abiatuta eta etorkizun hobea eraikitzeko asmoz, batez ere gazteentzat. Eta gurea diogunean Eibar eta Euskal Herriaz dihardugu”.