LAB sindikatuak Alfaren egoeraren gaineko irakurketa plazaratu du
Alfa Taldearen egoeraren inguruan LAB sindikatuak egiten duen hausnarketa plazaratzeko asmoz, gaur (eguaztena, hilak 5) prentsaurrekoa eskaini dute Arrate Kultur Elkartean. Agerraldian azaldutakoaren arabera, "Alfa Taldea momentu honetan hil ala biziko egoeran dago, zuzendaritzak egindako kudeaketa txarraren ondorioz".
Gaur egun Alfa Taldea osatzen duten enpresak Alfa Precisión Casting (APC), Util Alfa, Alfa Arte, Alfa Hogar, Alfa Idei (horiek guztiak Eibarren), Mecánicas Mallabi (Mallabian), Industrias GOL (Soraluzen eta Berrizen) eta Rumagol (Errumanian) dira eta taldean 700 beharginetatik gora daude.
LABeko ordezkariek salatu dutenez, "enpresa urte hasieratik kaudimen barik dago eta, horren ondorio, dagozkion betebeharrei aurre egin ezinda. Horrek gatazka ugari eragin ditu Taldeko enpresetan. Aldebakarrekotasunez soldata jeitsi nahi izan ziguten (eta azkenean egin dute) beharginen ordezkariekin adostasuna lortzeko ahalegindu barik. LAB-etik soldaten inguruko akordioak planteatu genituen, baina proposamen guztiak alboratu zituzten, beharginon mobilizazioak eta grebak eraginda. Gainera, zuzendaritzaren jarrera salatu behar dugu, uneoro bankuekin egin beharreko akordioa lehenetsita jardun dutelako".
Prozesuan beharginak eta haien ordezkariak baztertzea egotzi diote enpresari: "Zuzendaritzak, beharginei ezer esan barik, prekonkurtsoa aurkeztu zuen eta handik astebetera konkurtsoa. Gainera, beharginak nahasteko asmoz, S.A.L. (Sociedades Anónimas Laborales) direlakoak sortzeko asmoa agertu zuen, taldeko lantoki bakoitzak bere salmentak eta irabaziak kudeatuta, baina ondo baino hobeto dakite konkurtsoan dagoen enpresa batek horrelako zerbait egitea ezinezkoa dela. Enpresa bakoitzak zor duena talde osoaren zorra da eta alderantziz. Alfa Taldeak kontu ekonomiko bateratuak ditu eta konkurtso egoeran egonda enpresa bakoitzaren irabazi eta galerez berba egitea errealitatea manipulatzea da". Horrekin batera, enpresak "beharginen arteko enfrentamendua" bilatzen dabilela pentsatzen dute.
Ildo horretan, zuzendaritzak ordezkari sindikalak ez dituela kontuan hartzen salatu dute: "Lantoki batzuetan behargin jakin batzuez osatutako jarraipen-batzordeak eratu dituzte eta kasu gehienetan batzordeetako kideak ez dira sindikatuetako ordezkariak".
Konkurtsoa aurkeztu zenetik hilabete eta erdi igaro da eta zuzendaritza, administrazio konkurtsala eta beharginen ordezkarien artean bilera bakarra egin dela azaldu dute: "Bileran behargin asko kaleratuko zituztela esan zuten, ezer gehiago argitu barik".
Gauzak horrela, eta enpresa bakoitzarentzat bidegarritasun planik egin barik, hainbat enpresatan kaleratze EREen inguruko proposamenak ez ofizialak daudela eta ordu extrak egiten dihardutela salatu dute.
Amaitu aurretik, LAB sindikatuko ordezkariak enpresarekin elkarlanean jarduteko prest agertu dira: "Inposketa eta erabaki unilateralen aldeko hautua egiten badute, ordea, LAB aurrean izango dute, mobilizatzeko deia eginez".