LAB sindikatuko metaleko ordezkariak Hernanin batu dira
LAB sindikatuak Gipuzkoako metaleko delegatuen batzarra egin du gaur (eguena, hilak 14) Hernanin. Herrialde mailako metalgintzako hitzarmenaren inguruko gogoeta egin eta gero, orain arteko bideari jarraitzea erabaki dute. Beraz, orain arte egindakoaren bidetik, aurrerantzean ere gainontzeko sindikatuei eta patronalari proposamenak aurkezten jarraituko dute, hitzarmenaren aldeko adostasuna lortzeko asmoz. Estrategia berdefinituta, orain arte egin duen lez negoziazio esparru bien aldeko hautua egin du sindikatuak, "gure ustez, biak ala biak, bata bestearen osagarri baitira".
Horrekin batera azarorako eta abenduko lehen hamabostaldirako eskualdeka egingo diren hitzarmenaren aldeko mobilizazioak adostu dituzte. Bestalde, azaroaren 26a eta 28a Hego Euskal Herri osoan mobilizazio egunak izateko deia egin dute eta azaroaren 30ean, berriz, Donostian manifestazio nazionala egingo da.