LABek azaroaren 11ko greba orokorra prestatzeko bilera egingo du gaur Eibarren
LAB sindikatuak azaroaren 11ko greba orokorra prestatzeko bilera egingo du gaur, azaroaren 4an, Eibarren. Etxebizitzaren problematikari buruzko asanblada 18:00etan izango da, Arrate Kultur Elkarteko lehen solairuan.
Azaroaren 11ko greba orokorraren deialdi bateratua egin dute LABek, ELAk, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera. Etxebizitza-eskubidea bermatzea, espekulazioari aurre egitea eta langileen pobretzea etetea dira mobilizazioaren aldarrikapen nagusietako batzuk. Greba egunean, Eibarren manifestazioa egingo dute 12:00etan, Untzaga plazatik abiatuta.
LABek, bere aldetik, etxebizitza-eskubidea bermatzeko hainbat neurri proposatu ditu. Besteak beste, etxebizitza publikoen parkea handitzea, alokairuen prezioetan esku hartzea, etxegabetzeekin amaitzea eta espekulazioari mugak jartzea planteatu du. Sindikatuaren proposamena hiru eraldaketa nagusitan eta sei ekintza-ildotan dago jasota.


