LABek Bidebarrietako etxegabetzearekiko kezka azaldu du, eta etxebizitzari loturiko asanblada iragarri du

Eibarren emakume bat eta hiru adin txikiko etxegabetu zituzten martxoaren 26an, eta sindikatuak salatu du ez zitzaiela alternatibarik eskaini. Ezagutarazi duenez, Debaldean etxebizitzari loturiko asanblada egingo dute apirilaren 15ean, herrian duten egoitzan.
LABek Bidebarrietako etxegabetzearekiko kezka azaldu du, eta etxebizitzari loturiko asanblada iragarri du
2026/04/07 12:58
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Joan den martxoaren 26an emakume bat eta hiru adin txikiko etxegabetu zituzten Eibarko Bidebarrieta kalean, Ertzaintzak gauzatutako esku-hartze batean. Gertatutakoaren harira, LAB sindikatuak kezka eta ardura handia agertu ditu, eta salatu du familiari ez ziotela bizitoki alternatibarik eskaini.

LABek elkartasuna adierazi dio etxegabetutako familiari, eta ohartarazi du halako egoerek erakusten dutela etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa dela. Sindikatuaren arabera, ez da kasu isolatua, eta langile askori eragiten dien arazo estrukturala da.

Etxebizitzari loturiko asanblada irekia Debaldean

Egoera horren aurrean, etxebizitzaren arloan antolatzearen aldeko apustua berretsi du LABek. Jakinarazi duenez, dagoeneko Debaldean etxebizitzari lotutako asanblada martxan dute, beste eskualde batzuetan bezala, arazoari ikuspegi kolektibotik heltzeko helburuarekin.

Azkenik, herritarrei dei egin diete parte hartzera. Hurrengo asanblada apirilaren 15ean izango da, arratsaldeko 17:30ean, Eibarko LABen egoitzan.