LANDER GARRO (idazlea): “Literatura geroz eta gutxiago interesatzen zait, bai irakurle gisa, bai idazle gisa”

LANDER GARRO (idazlea): “Literatura geroz eta gutxiago interesatzen zait, bai irakurle gisa,  bai idazle gisa”
2023/11/27 09:20
eta kitto!
Lander Garrok (Errenteria, 1975) Faith bere hirugarren eleberria ekarri du Harixa Emoten literatura-tertulien azkeneko saiora. Xabi Ugarte berreskuratu du Garrok lan honetan, aurretik ere bere eleberrietan azaltzen den protagonista, eta Bartzelonara eraman du oraingoan, Euskal Herriko giro politikotik ihesi. Liburuaren gainean ez ezik, bere jardunaren eta, oro har, liburugintzaren gainean ere hitz egiteko aukera eta tartea eskaini dizkigu Landerrek.

 

“Gerra Txikia” nobelako protagonista berreskuratu duzu Faith liburuan. Zergatik jo duzu berriro Xabi Ugarterengana?
Nobela haren segida delako. Biak dira nobela autobiografikoak, eta Xabi Ugarte nire alter-egoa da, nire beste ni baten antzekoa. Ez naiz ni, eraikuntza literario bat da, baina nire bizitzan gertatutako hainbat pasarte traumatiko jorratu nahi nituen, bai Gerra txikian, eta bai Faith-en.

Zer du autobiografikotik zure azkeneko lan honek? Zer du pertsonaia nagusiak zugandik eta zer da fikzioa?
Oso zaila da pertsonaia literario batek norberarengandik zenbat daukan zehaztea, oso eztabaida filosofiko sakona dago galdera horren azpian. Nobela guztiak dira kontakizunak, eta kontakizun oro da tranpa bat, idazleak oso hautaketa tendentziosoa egiten duelako beti. Bestetik, norberak badaki zer esaten duen, baina inoiz ez daki irakurleak zer ulertzen duen, eta zentzu horretan ere zure hitzen esentzia galdu egiten da bidean. Oso gauza inperfektoa da komunikazioa.

Zer dute antzeko eta zer bereizgarri hiru eleberriek (Kontrarioa, Gerra Txikia eta Faith)?
Esango nuke oso estilo markatua daukatela nire kontakizun guztiek, nire buruari oso fidela naizela idazten jartzen naizen guztietan. Ez naiz ahotsaren bila jarduten duen idazle horietakoa, edo esateko manera batekin nekatu eta beste baten bila hasten denetakoa. Ez zaizkit tendentziak interesatzen. Liburutik liburura gutxi aldatzen diren idazleen eskolakoa naiz seguruen, batik bat amerikar eskolakoa. John Fante, Truman Capote, John Ford eta halakoak gustatzen zaizkit. Liburutik liburura beren buruarekin fidelak dira, nahiz liburuak elkarren artean diferenteak izan, ez horrenbeste idazkera aldetik, baizik eta abordatzen dituzten istorioak eta pertsonaiak diferenteak direlako.

Zerk eraman zintuen liburua idaztera?
Bi ardatz nagusi ditu nire liburugintzak, beharbada hiru. Alde batetik gose literarioa dago, artefaktu interesgarriak edo gogoangarriak eraikitzeko anbizioa, eta hor bilaketa literario sakon bat dago. Inportantea da hau esatea, batzuetan bai baitirudi idazleak mezu bat transmititu nahi duela, baina niretzat garrantzitsuena literatura da. Hau esanda, bigarren ardatz nagusi bat ere badago: memoria politikoa. Zorigaitzez geure herriaren garapen historikoa baldintzatu duten pasarte traumatikoetan nahasirik bizi izan naiz, eta liburuetan gertakarion salaketa egin nahi izan dut beti. Faithen kasuan, 90. hamarraldiko atxiloketa arbitrarioen gaia jorratu nahi nuen, Jaurlaritzak agindu eta euskal poliziak egiten zituenak batez ere. Oso gutxi hitz egin da horretaz, eta oso gai klabea da gure bilakaera politikoa ulertzeko.

Amaren figurak indarra du nobelan. Nolabait sufritzen duten amei aitortza egin nahi izan diezu?
Nire lehen liburuko lehen ipuinetik amaren figura ikaragarri presente egon da beti nire obran. Ariketa psikoanalitiko sakona egin beharko nuke zergatik jakiteko, baina labur esanda eta azalpen azaleko bat ematearren, esango nuke gure ama niretzat figura garrantzitsua izan dela, haren alboan oso-oso une txarrak pasatzea tokatu zaidalako, eta une horietan beti asmatu izan dugulako elkarren aldamenean goxo egoten, elkar laguntzen eta zaintzen. Amak erakutsi dit naizen ia guztia, pertsona autonomoa izaten, nire buruan fedea izaten, eta aurrera ateratzeko irudimena erabiltzen.

Liburuak ez du atal edo kapitulurik, jarraian doa dena. Nola konpondu zara idazteko eta antolatzeko?
Beno, testu jarraitu faltsua da, eszenak elkarren artean oso ondo bereiziak daudelako. Ez naiz irakurlea ulermen aldetik ataka zailetan jartzea gustuko duen idazleetakoa, are gehiago, idazketa mota hori oso gorrotagarria egiten zait.

Esan izan duzu Faith eta gero zaila egingo zaizula beste ezer idaztea. Hala da?
Literatura geroz eta gutxiago interesatzen zait, bai irakurle gisa, eta bai idazle gisa. Beharbada ongiegi ezagutzen dut hizkuntza literarioa, haren tolesdurak eta tranpak, eta jada gauza gutxik asebetetzen naute, errepikakorrak suertatzen zaizkidalako. Ez naiz inoiz liburu bat idazteko gaiaren bila aritu, liburuak etorri egin zaizkit, eta bultzada garbi baten ondorioz idatzi ditut. Bultzada hori etortzen bada, idatziko dut; ez bada etortzen zero segundo galduko ditut idazteko zer edo zeren bila. Ez nau kezkatzen libururik ez idaztearen ideiak.

Nobelarekin sentitzen zara erosoen?
Nobela da literaturan genero gorena eta interesgarriena, konplexuena, sakonena eta zailena. Beste generoak jolasak dire niretzat. Salbuespenak daude, noski, beste generoetan oso onak diren egileak daudelako, hain-hain onak, liburu interesgarriak idazten baitituztela berez genero ahulak diren horiek erabilita.

Kartzelaz idatzi duzu liburuan eta kartzelari buruz egin dituzu bi dokumental (Bi urte, lau hilabete eta egun bat eta Tipularen sehaska kanta). Nolako esperientzia izan da bi dokumental horiek egitea?
Oso gogorra da dokumental bat aurrera ateratzea, eta une honetan sentimendua daukat gutxi disfrutatu dudala eta ez daukadala horretan jarduteko gogo berezirik, nahiz bi dokumental dauzkadan bidean, seguruen datorren urtean plazaratuko ditugunak. Pereza handia daukat.

Sormenari lotutako bestelako lanetan ere ibili zara azkenaldian. Zertan zehazki?
Beti jardun dut lanean sormen kontuetan. Nahiko agortuta nago, atseden premia handiarekin.