Lasterketa ondorengo zozketan sari bi jaso barik geratu ziren
Zapatu goizean jai giroa nagusitu zen Eibarren, Euskaraz Bizi Nahi Dut euskeraren aldeko lasterketaren aitzakiarekin. Adinaren arabera ibilbide ezberdinari jarraitu zioten lau lasterketa egin ziren eta azkenak, 18 urtetik gorakoentzat prestatutakoak elkartu zuen korrikalari gehien. Kontseiluak deituta egin den ekitaldia antolatzen AEK Euskaltegiak, Udal Euskaltegiak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Klub Deportiboak, Eibar Triatloi Taldeak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak jardun zuten eta, eurek emandako datuen arabera, Eibarren guztira 231 lagunek eman zuten izena lasterketan parte hartzeko. Amaieran parte hartu zutenen artean hainbat sariren zozketa egin zen Untzagan eta saritutako bi lagunek ez dute oraindik saririk jaso: Nagore Cabrera (351 zenbakia) eta Beñat Gomez (355 zenbakia) dira saria Untzagan jaso ez zutenak, baina Klub Deportibotik pasa daitezke dagokien saria jasotzeko. Bestalde, hainbat lagunek izen-ematea internet bidez egin zuten, kamiseta ordainduta, baina ez zuten jaso. Kamiseta horiek Portalean, Euskara sailean (1. pisuan) gordeta dauzkate, bakoitzaren izenarekin.