Laura Zudaire, musikaria: "Musika erakargarri eta berria egin daiteke klasikoa erabilita"
- Nolakoa izango da kontzertua?
Zati bitan egituratuta dago: lehenengo zatian orkestak jardungo du, Schuberten 5. Sinfonia, pieza zoragarria eskaintzen. Eta bigarren zatian, orkestarekin batera, Disei taldeak jardungo du. Nik bietan jardungo dut, lehenengo zatian orkestarekin batera, biolina joten eta bigarren zatian, berriz, Disei taldearekin, kideetako bat naiz-eta. Klasikoak eta berriak, gauza biek bat egingo dute kontzertuan. Izan ere, orain zazpi hilabete Eduardo anaiarekin eta Iñigo Mikeleiz, Juanjo Bordes, Chicho Sanz eta Cristina Sevillanorekin batera sortutako taldea gauza zoragarriak egiten dituen talde berezi samarra da eta, orkestra eta taldea batuta publiko guztien gustokoa izango den kontzertua emango dugu.
- Oraindik ere askok uste dute musika klasikoa derrigorrez aspergarria izan behar dela, baina zuk ez duzu gauza bera pentsatzen, ezta?
Egia da askorentzat klasikoa aspergarriaren sinonimoa dela, baina gero orkesta bat Iron Maidenen abestia joten entzun eta harritu egiten dira. Ohiko errepertoriotik aldendu eta jendeari gustatzen zaizkion taldeen abestiak eskaintzen badizkiozu, musika klasikoaren inguruko euren iritzia goitik behera aldatzen da. Zinean, publizitatean… klasikoa sarri erabiltzen dute, jende askok hori ez dakien arren.
- Orkestan zure moduko musika ikasle gazteek dihardute. Zuk zer ikasi duzu?
Musika arloko lizentziatura bi amaitu ditut, biolina eta pedagogia. Baina orkestako beste musikari guztiek oraindik ez dituzte ikasketak amaitu, ni salbuespena naiz. Hala ere, gaur egun honetan beharrean jarduteko modurik ez dagoenez, ikasten jarraitzen dut, bigarren mailarako masterra egiten nabil. Penagarria da musika moduko ikasketa gogorrak amaitu eta lanerako aukerarik ez izatea, baina gauzak horrela dira. Nik, adibidez, 16 urte eman ditut musika ikasten.
- Horrelako orkesta bat egoteak nolako garrantzia dauka musikari gazteentzat?
Handia, hasteko zuk ikasi duzuna egiteko bidea ematen dizulako. Bestalde, instrumentuaren arabera egoera ezberdinak daude: nere moduan biolina joten baduzu, beste instrumentu batzuekin baino aukera gehiago daukazu orkesta batekin batera jarduteko; baina oboea joten duen norbaitek, horrelako orkesta egon ezean nekez izango luke horrelako aukerarik. Bestalde, zuzendaria oso atsegina eta gertukoa da eta musikariak oso pozik gaude horrelako aukera bikaina izateagatik.