Lehen esperientzia gastronomikoa eguenean Eibarko Museoan
Aurreko astean Arrate Kultur Elkartean aurkeztu zuten Euskadi Gastronomika ekimenaren barruan ekainean zehar Debabarreneko herri ezberdinetan eskainiko diren hainbat esperientzia gastronomiko antolatu dituzte eta horietako lehena aste honetako eguenean (hilaren 5ean) egingo da, Eibarren, Portalea eraikinaren azken pisuan dagoen Eibarko Armagintzaren Museoan 19.30etatik aurrera.
Oscar Treviño sukaldari eibartarrak betiko sukaldaritza eta arlo horretan gaur egun erabiltzen diren teknikarik aurreratuenak uztartuko ditu Betiko produktutak teknologia berriak aplikatuz izenburuko saioan: lehenik eta behin, esperientziaren aurkezpen labur bat egingo da museoko sarreran eta handik "dibertsifikazio" gunera abiatuko dira saioan parte hartzeko izena ematen dutenek, "burbuil edo ponpa" originalekin lagunduta bertako produktuak dastatzeko; ondoren, "motor gunean" gelditu eta eskualdeko produktuak dastatuko dituzte; jarraian "XXI. mendeko gunean", "izotz lehorra" delakoarekin tratatutako beste hainbat produktu probatuko dituzte eta, amaitzeko, museo kanpoko terrazan ardo eta pintxo ezberdinekin egindako maridajearekin agurtuko dute jardunaldia.
Parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du, Debegesara deituta (943820110 telefonora, Mª Luisa) eta 10 euro ordaindu beharko ditu. Ekainerako prestatu dituzten beste bi tailerrak hauek dira: hilaren 19an Mendaron Txokolatea deskubrituz izenburukoa egingo dute eta hirugarren saioa ("Tex mex"), berriz, Elgoibarko Belaustegi jatetxean izango da.