Lianka Lengua, zorigaiztoari barre
Atzerrian bizitzeko bi saiakera
Liankak 2003. urtean egin zuen erbestean bizitzeko lehen ahalegina. “Madrilera joan nintzen, baina ez zuen funtzionatu. Bartzelonara gero, eta berdin. Frantziara joan nintzen azkenik, eta hor ere gaizki”. Venezuelara bueltatu zen eta ez zuen inongo asmorik berriz ere Europara itzultzeko, baina 2018an bizitza aldatu zion berria jaso zuen. “Minbizia diagnostikatu zidaten”. Bilbon bizi zen ahizpak berehala etortzeko esan eta handik hamar egunetara hegazkinera igo zen. “25 euro eta 80 dolar besterik ez nituen, baina Euskal Herrira iritsi nintzenean maitemindu egin nintzen. Orain inork ez dit hemendik aterako”. Gaur egun Avilesen bizi den ahizpa bisitatzeko ere ez da joaten. “Bera etorri dadila”.
Minbiziari aurre egiten
Jarrera positiboarekin egiten dio aurre minbiziari, baina borroka ez da oraindik amaitu. “Minbizia hobera doa. 23 kimioterapia saio egin ditut eta minbiziak atzera egin duela ikusi zuten azken eskanerrean”. Prozesu gogorra izan dela dio, baina bizitzen irakatsi diola. “Aktiboa izaten saiatzen naiz, bideak merezi izatea eta dibertigarria izan dadila. Bizitza modu ezberdinean ikusten dut orain”. Senarraren babesa jasotzen du egunerokoan eta, teknologia lagun izan arren, Venezuelan bizi diren familiarren eta lagunen falta igartzen du. “Nire txakurrak ere han daude eta euren maitasunaren hutsunea sumatzen dut. Horregatik, kalean topo egiten ditudan txakurrei laztanak ematen dizkiet”, dio barrez.
Sukalde kontuak
Irakurtzea asko gustatu zaio txikitatik. “Zientzia fikzioa, biologia... neska bitxia nintzen. Piztiei ez diet batere beldurrik”. Animaliak asko gustatu arren, hizkuntzen inguruko ikasketak egin zituen, baina ezin izan zituen ikasketak amaitu. “20 urterekin auto istripua izan nuen eta ama hil zen. Luzaro egon behar izan nintzen ospitalean eta sendatu nintzenean, ama ez zegoenez, dirua irabazteko zerbait egiteko beharra nuen”. Sukaldaritza ikasketak egin zituen eta sukaldari lanetan ibili da ordutik. “Hotel handietako jatetxeetan, okindegietan, gozogintzan... egin dut beharra”. Sukalde kontuak gustoko izanik, paradisua aurkitu du Euskal Herrian. Asko gustatzen zaizkio hemengo jaki eta platerrak. “Munduko tomate onenak hemen jan ditut eta piper-berdeak zoragarriak dira”. Hala ere, Venezuelako gazta freskoaren falta igartzen du. “Hemengoa ez da gauza bera eta han gauza askotarako erabiltzen dugu gazta”.
Euskal kulturaren maitale
Hizkuntzak ikasteko erraztasuna du Liankak eta euskerarekin hasi da. “Berba batzuk eta esaldien egitura nolakoa den ikasi dut”. Euskerarekin eta euskal kulturarekin liluratuta dago, eta Euskal Herrian bi urte baino gutxiago eraman arren, bere egin ditu hemengo ohitura batzuk. “Bikaina da zaharrak diren hizkuntza eta ohiturak berreskuratu eta mantentzea”. Lianka Eibar eta Euskal Herriko enbaxadore izan daiteke Venezuelan, lagun guztiak Eibarrera gonbidatu dituelako. “Azken finean, Venezuela eta Euskal Herriaren artean lotura handia dago”.
No hay viento favorable para quien no sabe dónde va
Ez dago aldeko haizerik nora doan ez dakienarentzat