Liburutegia e-readerren mailegua irakurgelan eskaintzen hasi da
Irakurketa formato berri hori ezagutzera emateko asmoz, Juan San Martin Liburutegia e-readerren mailegua irakurgelan zerbitzua eskaintzen hasi da. Horretarako, 3 irakurgailu, bakoitza modelo batekoa (Sony Reader, Grammata Papyre eta BQ Readers Movistar) erosi dituzte, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzari esker. Liburutegiko arduradunen berbetan, "horrela, 18 urte baino gehiagoko edonork, liburutegira bertaratzen denean, aukera izango du 3 tresna hauek erabiltzeko eta beraien arteko konparaketak egiteko. Beraz, norbait halako aparaturen bat erosteko zalantzan baldin badago, hementxe dauka aukera ezin hobea nola erabiltzen den ikusteko, nola irakurri ahal den bertan eta abar".
E-reader bakoitzean 19 e-book sartu dituzte, proba modura eta lanen hizkuntzei dagokionez, irakurgaiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanieraz irakurtzeko aukera izango da. Liburutegiko arduradunek diotenez, "tresna txikia eta erraz erabiltzekoa da. Beraz, tresna erosoa da irakurketarako, batez ere ikusmen arazoak dituztenentzat. Izan ere, orrialde-zenbaketa eta testuaren tamaina egokitzeko aukera ematen du eta, gainera, tinta elektronikoaren teknologia berriari esker, paperezko liburuak baino kalitate handiagoa eskaintzen du irakuketarako. Audioliburuak entzuteko aukera ere ematen du, soinua sartzen baitu".