Liburutegiaren erabiltzaile kopuruak eta funtsak hazten jarraitzen dute

Liburutegiaren erabiltzaile kopuruak eta funtsak hazten jarraitzen dute
2016/03/11 14:03
eta kitto!
Gaur goizean eman dituzte ezagutzera Juan San Martin udal liburutegiak 2015. urtean emandako zerbitzu eta jardueren inguruko erabilera-datuak Patxi Lejardi Kultura-Euskera zinegotziak eta Eva Alberdi liburutegiko arduradunak.
Euren berbetan, "iaz 130.472 bisita jaso zituen liburutegiak, aurreko urtean baino %2,04 gehiago. Oraindik ere arratsaldeko ordutegian ibiltzen da jende gehien (75.539 lagun), baina goizean bertaratzen diren bisitarien kopuruak ere (52.473) gora egiten jarraitzen duela erakusten dute datuek".
Liburutegiaren funtsak ere gora egin du: gaur egun 73.780 dokumentuk osatzen dute funtsa; 2014ko datuekin alderatuz gero hazkundea %2,8-koa izan da, beraz. Nabarmendu dutenez, "liburutegiak biztanleko duen dokumentu kopuruari begiratuz gero, Euskadi zein Espainiako batazbestekoa puntu batetik gorako aldearekin gainditzen ditu".
Azpimarratzeko moduko beste daturik ere bada: iaz liburutegian inskribatutako erabiltzaileak 11.147 izatera ailegatu ziren, hau da, Eibarko biztanleriaren %40,54.
Webgunera, blogetara eta OPACeko kontsultei lotutako datuekin ere pozik agertu dira: "2015eko uztailaz geroztik Liburutegiari eskainitako atala Eibarko Udaleko Kultura mikrositean dago eta, data horretatik aurrerako bisitak 4.516 izan ziren gaztelaniazko orrian eta 2.310, berriz, euskerazkoan. Kasu bietan, sailik bisitatuenak katalogoa, informazio orokorra, zerbitzuak eta erabilera, online zerbitzuak eta baliabideak Interneten izan ziren. ​Helduen blogean ikusitako orriak 28.273 izan ziren, eta umeenean, berriz, 5.993. Eta, horrez gain, OPAC katalogoan 10.057 bilaketa egin ziren".
Ohiko maileguak ere aurreko urtekoak baino ugariagoak izan ziren: 41.859 dokumentu eman ziren (2014an baino %1,74 gehiago). Horrekin batera, mailegu digitalaren atalak arrakasta handia dauka: "957 liburu deskargatu zituzten e-liburutegitik. Zerbitzu horren bitartez deskarga gehien egiten dituzten hirien artean Eibar bosgarrena da, Erkidegoko hiru hiriburuen eta Getxoren atzetik".
Kultura eta Euskara zinegotziaren berbetan, "helburu nagusia liburutegia topaleku bihurtzea da, topaleku fisikoa zein birtuala, eta horrekin batera herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea, irakurzaletasuna, ikaskuntza etengabea eta kultura-zabalkundea bultzatuz".
Hain zuzen ere irakurzaletasuna bultzatzeko hainbat jarduera garatzen dituztela ekarri dute gogora: "Liburua, kulturarako sarbidea" izeneko ekimena, Zapatuko Ipuina, irakurketa-klubak, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak...
Nahi duenak 2015eko urteko txostena osorik kontsultatzeko aukera dauka interneten, helbide honetan sartuta: http://www.eibar.eus/eu/kultura/jsm-liburutegia/informazio-orokorra/zenbakitan