‘Loreen Hizkuntza’, abenduaren 5ean Coliseo antzokian

‘Loreen Hizkuntza’, abenduaren 5ean Coliseo antzokian
2025/11/25 15:06
eta kitto!

La Mapatxa Teatro euskal antzerki-konpainiak ‘Loreen Hizkuntza’ antzezlana eskainiko du datorren abenduaren 5ean, 19:00etan, Coliseo antzokian. Sarrerak 10 euro izango dira, eta 7 euro Coliseoren lagunentzat.

Getari Etxegarai da lanaren zuzendaria, eta Unai Izquierdo arduratu da dramaturgiaz. Taula gainean honako interpreteak arituko dira: Mikel Losada, Olatz Ganboa, Unai Izquierdo eta Getari Etxegarai.

Antzezlanak XXI. mendeko maitasun-harremanetan jorratzen ditu, pantailen bitarteko komunikazioa, ghostinga, bat-egiteak, desadostasunak, koldarkeria eta itxaropena moduko gaiak landuz. Lorcaren ‘Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores’ laneko itxaropenen gaiari helduta, gaur egungo ligatzeko moduen aldaketaz hausnartzen du, umorea ardatz hartuta.

Zortzi lore edo koadro dramatikoz osatutako komedia da, eta Ibon Belandia konposatu eta interpretatutako zuzeneko musikaz lagundua, ahozko tradizioko herri-kantak musika elektroniko bihurtuta berrinterpretatuz. Kantu horiek guztiek badute lotura komuna: loreak konkistarako estrategiatzat erabiltzea (lausenguak).

Antzezlan honekin abiatu du bere ibilbide artistikoa La Mapatxa Teatroa antzerki-konpainia berriak.