Maddi Berrio eta Julen Baroja, Eibarko Ernai: «Gazteok antolatu gaitezke, eta denon artean eragin politiko handia izan»

Irailaren 24an, «Urrats bat aurrera» proposamena aurkeztu zuen Ernaik, Euskal Herriko gazteen bizi-baldintzak hobetzeko bederatzi aldarrikapenekin. Gazteen kezkak partekatzeko elkarguneak ere antolatu nahi dituzte; lehenengoa zapatu honetan egingo dute, Triku tabernan.
Maddi Berrio eta Julen Baroja, Eibarko Ernai: «Gazteok antolatu gaitezke, eta denon artean eragin politiko handia izan»
2026/10/23 09:49
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Etxebizitza, enplegua, euskara eta garraioa dira gazteen kezka nagusietako batzuk. Horien inguruan, Ernaik «Urrats bat aurrera» proposamena aurkeztu du. Maddi Berrio eta Julen Baroja Eibarko Ernaiko kideek ekimenaren helburuak azaldu dituzte, eta gazteen kezkak partekatzeko eta elkarrekin eragiteko espazioak sortzearen garrantzia azpimarratu dute.

Zergatik sortu duzue «Urrats bat aurrera» proposamena?

Julen: Iazko Ernairen kongresuan egungo egoera soziopolitikoari buruzko ondorioak atera genituen. Faxismoaren gorakada, gerren areagotzea eta armagintzan egiten den inbertsioa dira egoeraren adibide. Gazteok gizarteko sektore prekarizatuenetako bat gara, eta horri erantzuteko bederatzi aldarrikapen bildu ditugu, Euskal Herriko gazte guztiek duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten.

Maddi: Egoera horrek gizarte osoari eragiten dio, baina gazteongan modu berezituan. Gure nahiak, beharrak eta kezkak kontuan hartuta, egungo egoerari buelta eman nahi diogu. Proposamena ez dago itxita, eta aldarrikapenak modu zabalean ulertzen ditugu.

Julen Baroja eta Maddi Berrio Eibarko Ernaiko kideak.
Zeintzuk dira bederatzi aldarrikapenak?

Julen: Etxebizitza duina eta eskuragarria; euskaraz bizitzeko eskubidea; kalitatezko garraio publiko bateratua; eskubide zibil eta politiko guztiak; enplegu duina; hezkuntza-sistema propioa eta doakoa; zaintza-sistema publiko eta komunitarioa; larrialdi klimatikoari irtenbidea ematea; eta Euskal Herriarentzat burujabetza osoa lortzea. Azken aldarrikapen horrek aurreko guztiak zeharkatzen ditu.

Zein aldarrikapen nabarmenduko zenukete?

Julen: Etxebizitzarena, zalantzarik gabe. Etxebizitza eskubidea da, eta ezin da espekulaziorako edo negoziorako tresna izan. Etxebizitza-krisiari aurre egiteko, etxebizitza negoziotik atera eta eskubidea bermatu behar da. Gazteon bizi-baldintzak hain dira prekarioak, ezen etxebizitza bat eskuratzea oso urrun ikusten baitugu. Gainera, gure beharretatik abiatutako etxebizitza-politikak garatzeko burujabetza handiagoa behar dugula uste dugu.

Maddi: Etxebizitzarekin lotuta, azaroaren 11ko grebarekin bat egiteko deia egin nahi dugu. Larrialdi-egoeran gaude, eta gaia pil-pilean dagoenez, aukera baliatu behar dugu grebari oihartzuna emateko.

Euskaraz bizitzeko eskubidea da nabarmendu nahi dugun beste puntuetako bat. Eibarren, gero eta gazte gutxiagok egiten dute euskaraz bizitzeko hautua kontzienteki. Kezkatzen gaituen gaia da, Euskal Herri osoan ere gero eta toki gutxiagotan bizi baitaiteke euskaraz.

Julen: Beste puntuetako bat garraio publiko bateratuarena da. Aldarrikapen berria da Ernairentzat. Euskal Herrian 16 garraio-sistema daude, eta ez dago herri osoaren beharrak kontuan hartzen dituen sistema bateraturik. Gazte asko gara ikastera edo lanera joateko garraio publikoa erabiltzen dugunak. Kalitatezko zerbitzua nahi dugu, ordaintzeko modukoa eta Euskal Herri osoa aintzat hartuko duena; ez dadila errazagoa izan Espainiako zenbait tokitara joatea Euskal Herriko hainbatera baino.

Eibarrera begira, nolakoa da gazteen egoera?

Maddi: Nire ustez, gazte gehienak ez daude politizatuta, edo ez behintzat arlo guztietan. Euskararen adibidea jarriko nuke: askok ez dute ikusten euskaraz bizitzea hautu politikoa denik. Horregatik, gai hauek mahai gainean jarri nahi ditugu, hausnarketa eragin eta egoerari buelta emateko.

Julen: Gazteriaren zati handi bat ez dago politizatuta, eta politizatuta daudenen artean ere zaila da kohesioa sortzea. Espazio berriak sortu nahi ditugu, gazteek beren kezkak eta beharrak partekatu, ekimenetan parte hartu eta eragin politikoa izan dezaten.

Zer egingo duzue zapatu honetako elkargunean?

Maddi: Triku tabernako terrazan elkartuko gara. Ernairen bederatzi aldarrikapenak aurkeztuko ditugu, eta ondoren Arrate Delgadoren saio akustikoa izango dugu. Jendea gonbidatu nahi dugu gure proposamena ezagutzera, kezkak partekatzera eta hausnartzera. Eibarren modu antolatuan egingo dugun lehen elkargunea izango da. Aurrera begira, parte-hartzaileagoak diren beste espazio batzuk sortu nahi ditugu. Ez dugu nahi guk zerbait aurkeztu eta hor amaitzea; denon artean eraikitzea da asmoa.

Zer esango zeniekete herriko gazteei?

Julen: Etxebizitzaren aldarrikapena azpimarratu nahi dugu, eta herritarrei azaroaren 11ko grebarekin bat egiteko gonbidapena luzatu.

Maddi: Gazteei beren egoerari erreparatzeko eta bederatzi aldarrikapenek beren bizitzetan nola eragiten duten hausnartzeko esango nieke. Garrantzitsua da kezkak azaleratzea.

Julen: Gazte asko gara, antolatu gaitezke, eta denon artean gauza handiak lor ditzakegu. Eragin politiko handia izan dezakegu.