Maiatzaren Lehenean langileriaren indarra kalean erakusteko dei egin dute sindikatuek

Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu bihar eta, urtero bezala, langile-mugimenduari kalera irtetzeko deia egin diote sindikatuek, langileen eskubideen alde borroka egitera.
Maiatzaren Lehenean langileriaren indarra kalean erakusteko dei egin dute sindikatuek
2025/04/30 12:29
eta kitto!

ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazioak, eta LABek ere hiriburuetara joko du: Donostian ospatuko du aurten Langileen Eguna, eta Debabarrenetik bertara joateko autobusa antolatu dute. Ekitaldi nagusia 12:00etan hasiko da, eta autobusa 10:20an irtengo da Ego-Gainetik. Eta CCOO Euskadiko Langileen Komisioak eta  UGT-Euskadi sindikatuek elkarrekin egingo dituzte mobilizazioak aurten ere, EAEko hiru hiriburuetan, goiburu bakarrarekin: Konkistatu duguna defendatuz, etorkizuna irabazi.

Aurtengo Maiatzaren Lehenari begira LAB sindikatuak egiten duen irakurketa orain dela egun batzuk aurkeztu zuen Imanol Karrera bozeramaileak, militante talde zabal batek lagunduta, Iruñean egindako agerraldian. Langileen Egunerako aukeratu duten goiburuak (‘Langileen alde gutxieneko soldata eta pentsioak’) ederki laburbiltzen du herritarrei helarazi nahi dieten mezua: “Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak, Nafarroak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko”. Kapitalismoak eragin duen mundu mailako krisi ekosozialari erantzun gisa, bestelako eredu baten alde egiteko unea dela uste dute, “denon bizitzak erdigunean jarriko dituena. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena. Euskal Herrian militarismoaren, arrazakeriaren edota indarkeria matxistaren eragina nabarmena bada ere, hemen badago eremu sozial, sindikal eta politiko zabala, denon eskubideen alde egiteko prest”. Horrekin batera, langileen borrokaren garrantzia azpimarratu dute beste behin: “Langileon borrokari esker, klase ikuspegitik garrantzitsuak diren aldarrikapenak ekarri ditugu agendaren erdigunera: osasun sistema publikoa, etxebizitza, zaintza sistema publikoa, gutxieneko soldata eta pentsioak. Gai horietan langileon aldeko neurriak ezarriko badira, presio egiten jarraitu behar dugu eremu guztietan: ekintza sindikalean, kale mailan eta eremu politikoan. Gutxieneko soldata eta pentsioak funtsezko neurriak dira aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakala desberdinak murrizteko”. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon egindako prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, “negoziazio kolektiboaren eta prekaritatearen kontrako borrokaren emaitzek ELAren hautua, kontrabotere ereduaren aldekoa, berrestera garamatzate; Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata (LGS) bide horretan beste urrats bat dugu; honek, gainera, borondate soberanista argia erakusten du”. Orain dela hilabete batzuk iragarri bezala, ELAk 1.795 euroko LGS bat aldarrikatzen du, “aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin: milaka langileren soldata zenbateko horretatik urrun geratzen da, batik bat sektore feminizatu eta arrazializatuetan”. Zentzu horretan, lan-baldintza okerrenak dituen jendearen soldata hobetzea lehentasuna da beraientzat eta, horregatik, Confebask eta CEN patronalei gutxieneko proposamena luzatu die ELAk: “Hasteko, 1.500 euroko LGS bat ezarriko litzateke, urtean 14 ordainsaritan. Confebasken erantzuna: negoziazioari uko egitea. Nafarroan, berriz, CENek, UGTk eta CCOOk negoziatzeko jarri zen hitzordura ez agertzea erabaki dute. Baina ELAk ez du ontzat emango patronalak hemengo LGS bat lortzeko aukerari betoa ezartzerik. Horregatik, beste sindikatu batzuekin batera, herri-ekimen legegile (HEL) bat jarri dugu martxan, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek LGS hemen erabakitzea galdegin dezaten”. HELaren aldeko sinadurak biltzerakoan “inplikazio kolektiboa eta pertsonala” beharrezkoak direla azpimarratu du Lakuntzak: “Presioa eragin behar dugu hemengo gutxieneko soldataren alde: Euskal Herriko langileriarentzat lorpen handia litzateke”. Eskaera nagusi horrekin batera, antimilitarismoaren aldarriarekin irtengo dira kalera Maiatzaren Lehenean, Ane Zelaia Batzorde Eragileko kideak gogora ekarri zuenez “armetan diru gehiago xahutuz gero, Osasungintza eta Hezkuntzaren kalterako izango da eta”.