Maiatzerako argazkilaritza programa betea aurkeztu dute Klub Deportiboan
Gaur (eguena, hilak 25) aurkeztu dute Klub Deportiboan bertako Argazkilaritza Taldekoek antolatutako Argazkilaritza Maiatzean programa osatzen duten jarduerak. Egitarau bete-betea prestatzeko orduan krisia ez da aitzakia izan eta aurreko edizioetan baino jarduera gehiago antolatzea lortu dutela azaldu dute antolatzaileek, besteak beste horretarako beharrean jarduten duen lantaldearen ahaleginari esker. Horrekin batera, erakusketak ipintzeko tokia lagatzen dietenei zein bestelako laguntza ematen dutenei eskerrak eman dizkiete aurkezpen ekitaldian. Eta modu berezian eskertu diote Aitor Divasson diseinatzaileari, Argazkilaritza Maiatzean programarako kartelak sortzeaz gain, urte osoan hilero antolatzen dituzten hiru erakusketak iragartzeko kartelak ere berak egiten dituelako. Datozen egunotan programari buruzko informazio zehatzagoa ematen joango gara, baina bitartean eta aurrerapen modura hona antolatutako erakusketak eta beste jarduerak:
- Maiatzaren 1etik 31ra
Deportiboko Argazkilaritza Taldekoen erakusketak El Ambigú-n, Portalea tabernan eta Untzagako jubilatu etxean.
- Maiatzaren 3tik 26ra, Topalekuan Gipuzkoako Argazkilaritza Ekartea 40. Nazioarteko Gipuzkoa Saria erakusketa.
- Maiatzaren 3tik 26ra, Portalean erakusketak: Javier P. Fernandez Ferreras, Bosco Mercadal eta Juan Armentiaren Más allá del Olimpo.
- Maiatzaren 1etik 31ra, Deportiboan 32. Argizaiola Lehiaketako lanen erakusketa.
- Maiatzak 16
Liburu eta dokumentalaren aurkezpena, 19.30etan Portalean Al Son del Punk! Kuidado ke muerden Kubako punkari buruzko bi proiektu, Josu Truebak eta Pau Collek argazkilaritza dokumentalaren bidez garatutakoak.
- Maiatzak 18
Argazkilaritza estudioa kalera aterako dute, goiz osoan Untzagan. Durangoko FaSTOP Argazki Elkartekoek, kamara estenopalkoak ekarriko dituzte. Eta plaza inguratzen, Deportiboko argazkilarien lanen erakusketa.
- Maiatzak 11
Tino Sorianoren argazkilaritza tailerra (plaza guztiak beteta).
- Maiatzak 26
Argazki Rallya.