Maite Gurrutxagaren “Habiak” gaur Harixa Emoten saioan
2023/12/19
09:53
eta kitto!
Euskerazko literaturaren inguruan hilero egiten duten Idazlearekin Harixa Emoten urteko azken saioan, gaur Maite Gurrutxagaren “Habiak” liburua izango dute aztergai. Idazlea bera egongo den ekitaldia, betiko lez, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Portaleako 1. batzartokian. Egileak 2014ko Ilustrazioaren arloko Euskadi literatura saria irabazi zuen eta, hegaztiei buruzko liburu horretan, hegan egin ahal izateko sustraietara bueltatu behar dutenen istorioa kontatzen da.
Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da liburu honen ardatza. Maite Gurrutxagaren pintzelek bi protagonisten hasierako aditu ezinen eta hartu-eman gatazkatsuen testigu izango dira. Baina, zuhaitzetako sustraiek hirietako espaloiak zartatzen dituzten gisan, bien iraganek oraina pitzatuko dute, laguntasun istorio hunkigarri bati hasiera emanez.