Make In! programan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago

Make In! programan parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago
2023/03/07 13:04
eta kitto!
Debegesa Garapen Agentziak, Debabarreneko ekintzailetzari laguntzeko beste eragile batzuen laguntzarekin, Make In! programaren 2. edizioa jarri du martxan. Bertan parte hartuko duten proiektuak (start up) hautatzeko prozesua martxoan zehar egingo dute, eta ekimena apirilaren 24an hasi eta ekainean amaituko da.

Make In! programan parte hartzeko epea zabalik da dagoeneko eta hilaren 31ra arte apuntatu daiteke webgune honetan.

 

Parte hartzeko baldintzak

Debegesak sustatutako programa industriari lotutako Startups edo enpresa-ekimenei zuzenduta dago, baldin eta gutxieneko produktu bideragarria edo eraikitzen ari dena badute. Gainera, programara aurkezten diren ekimenek osagai teknologikoak edo negozio-eredu berritzaileak izan behar dituzte, esparru honetara lotutakoak: fabrikazio gehigarria, ikusmen artifiziala, RV/RA, robotika, IA, Big Data eta IoT. Era berean, proiektuek industriari lotutako ekonomia zirkularrarekin eta energiarekin lotuta egon beharko dute.

 

Hainbat abantaila

Programaren sustatzaileek diotenez, Make In!-ek hainbat abantaila eskaintzen dizkie parte-hartzaileei: erreferentziazko industria-sare baterako sarbidea (BPTD elkartea), bezero potentzialetarako sarbidea, talenturako sarbidea, mentorizazio pertsonalizatua sektoreko adituekin, laborategi espezializatuak, lan-espazioak, prestakuntza eta ekitaldiak, inbertitzaileentzako sarbidea eta finantzaketa.