Maltzagako AP-1 eta AP-8 arteko lotunea gaur gauean ere itxiko dute

Irailaren 8an eta 9an hasitako lanekin jarraitzeko eta amaitzeko, 21:00etatik 03:00etara egongo da itxita Behobiako noranzkoan
Maltzagako AP-1 eta AP-8 arteko lotunea gaur gauean ere itxiko dute
Argazkia: DV
2026/09/10 14:15
Ekhi Belar Errasti

Maltzagako AP-1 eta AP-8 arteko lotunea gaur gauean, irailak 10, berriro itxiko dute Behobiako noranzkoan. Bidegik jakinarazi duenez, itxiera 21:00etatik 03:00etara izango da, Maltzagako zubibidean egiten ari diren lanekin jarraitzeko eta aurreko bi gauetan, irailaren 8an eta 9an, hasitako lanak amaitzeko.

Abuztuko oporretako itzulera-operazioa amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak Maltzagako zubibidea birgaitzeko lanei berrekin die. Lan horien barruan, besteak beste, zubibideko hesiak mugitu eta lotuneko erreia berriro estutuko dute. Lan horiek egiteko beharrezkoa da AP-1aren eta AP-8aren arteko lotunea ixtea.

Itxiera indarrean dagoen bitartean, AP-8a Behobiako noranzkoan hartu nahi duten erabiltzaileek 145. irteeratik atera beharko dute, N-634 errepidera Eibarko noranzkoan. Ordainlekua igaro ondoren, biribilgunean norabidea aldatu eta berriro AP-8an sartu beharko dute, Donostiako noranzkoan.