Mankomunitateak eta Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzearen prebentziorako plana aurkeztu dute

Mankomunitateak eta Hezkuntza Esparruak elikagaien xahutzearen prebentziorako plana aurkeztu dute
2023/02/23 14:12
eta kitto!
Joan den irailean hasitako diagnostiko faseko ondorioak aztertu ondoren, Debabarreneko Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak 14 ekintza biltzen dituen plana aurkeztu dute gaur, elikagaiak alferrik galtzea saihesteko asmoz.

Planaren arabera, ikasturte honetan sentsibilizazio-ekintzak egingo dira eta kartelako jarriko dituzte Hezkuntza Esparruko jantokian eta egoitzan; sentsibilizazio-bideoa sortuko dute Hezkuntza Esparruaren barne-kanalen bidez emititzeko; sukaldariei prestakuntza emango zaie elikagaiak alferrik galtzeari, elikagaien segurtasunari eta soberan geratzen diren produktuen kudeaketari buruz; eta aurreikusitako otorduen eta emandako zerbitzuaren aurreikuspena hobeto kudeatzeko, helbide elektronikoko kontu bat sortuko da, ikasleek jantokian bazkaldu edo afalduko duten edo ez aurrez jakinarazi dezaten. Bestalde, soberan geratzen diren elikagaiak kudeatzeko, Mankomunitateak eta Eibarko Hezkuntza Esparruak banaketa-zerbitzu bat jarriko dute martxan, eskualdeko hainbat gizarte-elkarteri eman dakizkiekeen elikagaiak bideratzeko.

 

350,5 kg elikagai alferrik galduak astebetean

Hezkuntza Esparruaren jantokian irailean egin zen diagnostikoak astebete iraun zuen. 200 lagunek gosaldu, jan eta afaltzen dute bertan egunero eta, diagnostikoa egin zen astean, guztira 350,5 kg elikagai jangarri eta ez-jangarri galdu ziren alferrik (10.000 kg izango lirateke ikasturte osoan), horietatik % 49 sukaldean eta % 51 jantokian.

Ekimenaren sustatzaileen arabera, alferrik galtzen diren elikagai jangarri gehienak jangelakoak dira, janari asko botatzen delako plateren hondar gisa. Sukaldean sortzen diren elikagai-hondakin gehienak, aldiz, ez dira jangarriak.

Nabarmentzen dute sukaldean sortzen diren janari-soberakinen arrazoi nagusietako bat bazkalorduan eta afaltzeko zerbitzatutako zerbitzuen eta egindako aurreikuspenen arteko desfasea dela. Eta, bestetik, gehien alferrik galtzen diren elikagaiak ogia (gosarietan batez ere) eta entsalada hondarrak eta kozinatutako elikagaiak direla, batez ere bigarren platerrak.