Manufacturas Resort enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute maiatzaren 15ean
2023/05/08
17:36
eta kitto!
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Eibarko Manufacturas Resort enpresan greba mugagabea deitu dute, “soldata igoera duin bat exijitzeko”. Aurreko astean egindako langile asanbladak, “enpresaren jarrera eta negoziatzeko asmorik eza” ikusita, maiatzaren 15etik aurrera greba mugagabea deitzea erabaki zuen. Azitaingo poligonoan dagoen enpresan 22 langilek egiten dute lan, eta malgukiak egiten dituzte.
Sindikatuko ordezkariek esandakoari jarraituta, “enpresak onartu duenez, lan karga eta irabaziei dagokienez, historikoak izan diren bi urtetatik gatoz. Egoera honen baitan, 2023rako soldata igoera baten negoziaketa abiatu genuen orain dela aste batzuk, baina negoziaketa blokeo puntua batera iritsi da eta, nahiz eta negoziaketan aurrera-pausoak emateko saiakerak egin, enpresak ez du konponbidea topatu nahi izan”. Hori horrela izanda, datorren astelehenetik aurrera greba mugagabera joko dute langileek.