Marcos Navarroren margolanak Kokojaten estudioan ikusgai daude
2017/06/20
16:46
eta kitto!
Uztailaren hasiera arte Marcos Navarro artistaren lanentzat erakustoki izango da Kokojaten, Calbeton kalean Nestor Perez Valenciaga eibartarrak duen arkitektura estudioa. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Arteuparte-rekin lankidetzan sustatu duen “Local Art Pareta” izeneko ekimenari esker, Gipuzkoako hogeitabat artista plastiko gaztek euren obra beste horrenbeste merkataritza lokaletan erakusten dihardute eta Bartzelonan orain dela 30 urte sortu zen artistari bere lanak Eibarren ezagutzera ematea egokitu zaio. Artista bakoitzak lau lan jarri ditu ikusgai eta Navarrok lau margolan aukeratu ditu: “Iaz Bartzelonan ipini nuen erakusketan ikusgai egon ziren lanak dira, “Binomio” izeneko proiektuko lau koadro. Nere margolanetan naturak eragin handia izaten du eta Eibarrera ekarri ditudan hauetan gizakiok naturari nola eragiten diogun islatzen ahalegindu naiz. Egurraren gainean margotu ditut, akrilikoarekin”. Artistarentzat esperientzia aberasgarria izaten dihardu eta, bere berbetan, “ezagutzen ez nuen toki berri batera gerturatzeko bidea” zabaldu dio. Bere estudioa artelanak erakusteko eskaintzera animatu den arkitektoa ere pozik dago, baina jendea lokal barrura sartzera animatzeko kartel edo bereizgarriren baten falta somatzen du, “pasatzen direnetako askok kristalaren beste aldera begiratu arren, ez dira ausartzen barrura sartu eta gertutik begiratzera. Izan ere, hemen ez gaude ohituta horrelako kontuekin”. Aldundiaren deialdian hautatutako 21 artisten artean, bestalde, Maria Romero Laspiur eibartarra eta Ainize Txopitea, Daniel Txopitearen alaba daude. Bi hauen lanak Donostian ipini dituzte ikusgai.
Ekimena agurtzeko, artistak eta euren lanak bildu eta jaialdia egingo da Trintxerpeko Ziriza etxean, horren harira antolatuko dituzten hainbat jarduerarekin batera. Honi buruzko informazio guztia www.localartpareta.com helbidean sareratu dute eta, besteak beste, Local Art Pareta-ren lehen edizio honetako erakusketa espazioak kokatzeko mapa interaktiboa dago eskuragarri.