Maria Jesus Agirre, Eibarko Kantuzaleak: "Eibarren giro euskalduna zabaltzea nahi dugu"
- Aurreko astean ekin zenioten bideari, lehen entseguarekin. Zer moduz hasi zarete?
Orain arte birritan baino ez gara elkartu, baina entsegu egun bietan 25 lagun inguru batu gara eta denborarekin jende gehiago batzen joatea espero dugu. Orain arte gehienak emakumeak gara eta, horregatik, gizonak animatzea gustatuko litzaiguke. Entseguak astelehenetan egingo ditugu, San Andres elizako lokaletan, 19.00etan hasi eta 20.30ak arte. Ateak zabalik dauzkagu abestea gustatzen zaion edozeinentzat.
- Nolakoa da bakarrik euskal kantuekin osatutako errepertorio hori?
Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Garak argitaratutako Euskal Herria kantuz: 101 abesti kantatuenak erabiltzen dugu. Lehenik eta behin, kantu-liburuak jasotako errepertorioa betetzen joango gara eta, behin horrekin amaituta, orduan ekingo diogu abesteko modua-eta gehiago lantzeari, bi ahotsetan kantatzeari eta bestelakoei. Liburu berbera erabiltzen dute Euskal Herri osoan zehar, hainbat herritan martxan dauden 80 bat taldek, euskal kantak eskaintzen dituzten abesbatzen zirkuito modukoa osatuta. Norbaitek liburuan interesa izanez gero, gure entseguetara gerturatu eta 7 eurotan erosteko aukera dauka.
- Hasi berriak zarete, baina hitzordu batzuk lotu dituzue…
Gure lehen ekitaldia zapatukoa, Untzagan egin zen Euskaraz Bizi Nahi Dut azokakoa izan zen. Ilusio handiarekin parte hartu dugu, taldearen helburu nagusia Eibarren giro euskalduna zabaltzea da eta, horregatik, beti prest egongo gara herrian euskera hedatzeko antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko. Azokan kantu-liburua, zapiak-eta salgai ipini genituen, pintxo batzuekin batera, beste herri batzuetan abestera joaten garenerako gastuekin laguntzeko diru pixka bat batzen hastearren. Hilaren 28an bertan egingo dugu lehen irteera, Aretxabaletan egingo den jaira joateko gonbidapena egin digute-eta.