Marisol Uriarte eta Julian Fernandez: «Ez da domina bat jartzeko egin dugun lana; proiektuan sinisten genuen»

Marisol Uriartek eta Julian Fernandezek hiru hamarkada baino gehiago egin dituzte …eta kitto!-n, euskararen eta euskara elkartearen alde. Aurtengo …eta kitto! Jaian aipamen berezia jasoko dute. Duela hilabete batzuk elkartea utzi zutenetik, lehen aldiz itzuli dira bulegora, elkarrizketa aitzakia hartuta.
Marisol Uriarte eta Julian Fernandez: «Ez da domina bat jartzeko egin dugun lana; proiektuan sinisten genuen»
2026/10/02 13:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Urduri eta pozik itzuli dira Marisol Uriarte eta Julian Fernandez …eta kitto!-ko egoitzara. Bost hilabete dira Marisolek elkartean zuen azken ardura utzi zuela, hiru hamarkada baino gehiagoz diruzain eta zuzendaritzako kide izan ondoren. Julianek ere urte luzez parte hartu du zuzendaritzan eta elkartearen egunerokoan. Ordutik, ez dira bulegoetara itzuli. «Kosta egin zait etortzea», aitortu du Marisolek. Aldizkaria, ordea, gertutik jarraitzen du: eguenetan online irakurtzen du, eta barixakuan paperean. Publizitateari ere erreparatzen dio oraindik. «Defektu profesionala da», dio barrez.

Elkartea 1992an sortu zen, eta Marisol 1996an hasi zen lanean. Urtebete geroago sartu zen zuzendaritzan. Julian ere garai hartan zebilen elkartean, eta 2000ko hamarkadaren hasieran bazkide ere egin zen. Hasierako urte haietan, ordea, …eta kitto!-ren egunerokoa ez zen gaurkoa bezalakoa. «Bolondres lan pila bat egiten zen», gogoratu du Marisolek. 2002ra arte ez zuen nominarik jaso, eta elkarteak baliabideak lortzeko bide berriak etengabe bilatu behar izaten zituen.
Horren erakusgarri da Biltokiaren esperientzia. 1990eko hamarkadaren erdialdean, kafe-antzoki baten moduko proiektu bat jarri zuten martxan Ego Gainen. …eta kitto!-ren egoitza ere bertan egon zen. Urtebete eskas iraun zuen egitasmoak eta elkartea egoera ekonomiko larrian utzi zuen. «Ia elkartea joan zen pikutara», gogoratu dute. Soldatak kobratu gabe ibili ziren, lokala saldu zuten eta berriro Isasira itzuli ziren.

Ez zen dirua lortzeko bide berriak asmatu beharko zituzten azken aldia izango. Urko diseinu eta marketin enpresa ere sortu zuten, elkarteari baliabideak emateko asmoz. Gero etorri ziren Arrateko txosna, Kittonbolia eta beste hainbat ekimen. «Beti dirua buruan», dio Julianek. «Dirua behar da, kale presentzia eduki behar dugu, euskara sustatu behar dugu…», laburbiltzen du Marisolek.

Julian Fernandez eta Marisol Uriarte …eta kitto! Jaian lanean.

Jo ta ke euskararen alde

Garai hartako …eta kitto!-ren jardunaren beste adibide bat da gaur egun ospatzen den jaia. Sagardo Eguna 1992-93 inguruan hasi zen, azaroaren 1ean, goizez. Urteen poderioz, formatua aldatuz joan zen: Toribio Etxebarria, Untzaga, udaletxea… eta, azkenik, egun ezagutzen den egitura hartu zuen, goizetik arratsaldera luzatutako euskararen aldeko jaiarekin.

«Beti gauza berrietan pentsatzen genbiltzan, herrian euskara eusteko eta bultzatzeko».
—Marisol Uriarte

Hasieran, sagardoa lortzeko ere lan handia egin behar izaten zuten. Sagardotegiz sagardotegi ibiltzen ziren, furgonetarekin edo kamioiarekin, eta 2008an Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak sagardoa doan ez ematea erabaki zuenean, beste bide batzuk bilatu behar izan zituzten. Asturiasera, Galiziara, Bizkaira, Nafarroara eta Iparraldera jo zuten. Julianek irribarrez kontatu du nola esan zieten sagardogileei, behar izanez gero, Asturiasera joango zirela edo supermerkatuan marka zuriko sagardoa erosiko zutela. Azkenean, hamahiru sagardogileren sagardoa lortu zuten. «Gauza asko egin ditugu», dio Marisolek. Eta Sagardo Eguna horietako bat besterik ez dela azpimarratzen dute.

Dirua buruan, proiektua bihotzean

Urte hauetan guztietan, Marisolen ardura nagusia elkartearen diruzaintza izan da. Dirulaguntzak bilatu, gastuak neurtu eta diru-sarrerak handitzeko aukerak pentsatu. Horregatik, lana utzi eta bost hilabetera ere buruan ditu oraindik elkartearen kontuak. «Burutik kendu ezinda», dio.
Julianek dio Marisolen «txipa» oraindik piztuta dagoela: aurtengo dirulaguntzak, justifikazioak, diru-sarrerak… «Oraindik pentsatzen dago».
Biek aitortzen dute urte horiek ez direla beti errazak izan, baina lana gustura egin dutela. «Ez da domina bat jartzeko egin dugun lana», dio Julianek. «Gustura egin dugun lana izan da», gehitzen du Marisolek. «Proiektuan sinesten genuen, bere osotasunean».

Eta bikote gisa ere bizi izan dute proiektua. Julianek Marisolen lana ez ezik, elkartearen proiektua ere sentitu du berea. Bere lan profesionala «absorbentea» izan arren, …eta kitto!-ko jardunak askotan «deskonpresio» gisa ere balio izan diola azaldu du. «Lanean ari nintzela pentsatzen hasten nintzen: “Zelan egin dezakegu hau?”. Eta orduak pasatzen ziren».

«Lanean ari nintzela pentsatzen hasten nintzen: “Zelan egin dezakegu hau?”. Eta orduak pasatzen ziren».
—Julian Fernandez

Etapa berri bat, baina ez amaiera

Hiru hamarkadatan, herria eta elkartea asko aldatu direla diote. …eta kitto! ere aldatu da, haien ustez, «onerako». Orain, ordea, eurak dira etapa berri batean daudenak. «Itxi itxi… ez dakit. Prozesuan gaude», dio Julianek. «Duelo hori edo ez dugu pasatu».

Marisolek aitortu du bulegora itzultzea kostatu egin zaiola. Baina harremana ez du eten. Aldizkaria irakurtzen jarraitzen du, eta, bere hitzetan, «makinaria martxan» dauka oraindik.

Hori da, hain zuzen ere, bien ibilbidearen arrastoa: urteetan elkartearen barruan bizi izan duten proiektuak haiekin jarraitzen duela. Eta …eta kitto! Jaian jasoko duten aitortza ez dute sari gisa ulertzen, egindako bidearen aitortza gisa baizik.

Jaiko bisitariei ere mezu argia bidali diete. Marisolek, umorez, aitortu du sagardoa ez zaiola gustatzen. Ondoren, serioago: «Disfrutatzeko eguna dela, baina saiatzeko euskaraz egiten. Eta …eta kitto!-n hemen gaudela herria babesteko, eta euskara zaintzeko».

Marisol Uriartek eta Julian Fernandezek lan mardula egin dute …eta kitto! Euskara Elkartean, Eibarren euskara normalizatzeko.