Markagailua irauli eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Euskal Ligako Eibar Rugby Taldeak

Lau puntu lortuta, sailkapeneko azken postuetatik ihes egin dute eibartarrek
Markagailua irauli eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Euskal Ligako  Eibar Rugby Taldeak
Argazkia: Atletico San Sebastian
2026/10/20 13:23
Ekhi Belar Errasti

Gizonezkoen Euskal Ligan jokatzen duen Eibar Rugby Taldeak 27-38 irabazi zion igandean, urriak 18, Atletico San Sebastiani. Horrela, bi jardunaldi jokatu ondoren, denboraldiko lehen lau puntuak lortu dituzte eibartarrek, sailkapeneko 7. postuan kokatuz.

Partida ondo hasi zen Eibar Rugby Taldearentzat, 10. minutuan Markel Arrizabalaga Loiolak entsegua eta Gaizka Arrizabalaga Zenarruzabeitiak transformazioa lortu baitzuten. Ostera, pozak hiru minutu besterik ez zuen iraun, donostiarrek beste entsegu eta transformazio bana lortu zutelako.

Markel Arrizabalaga Loiolak beste entsegu bat lortu zuen 28. minutuan, baina ez zen transformaziorik egon. Donostiarren erantzuna hiru minutu beranduago etorri zen eta eurek bai lortu zuten transformazioa, markagailuan aurretik jarriz.

Lehen zatia amaitu baino lehen, Josu Cabrera Salvettik berriz jarri zituen eibartarrak aurretik entsegua lortu ondoren, baina donostiarrek berdinketa lortu zuten aldageletara joan aurretik.

Atsedenaldiaren ostean, etxekoak jokoan gailendu ziren eta 10 puntuko aldea atera zieten 53. minutua iritsi zenean. Eibarrek erantzun egin behar zuen beste porrot bat jaso nahi ez bazuen, eta jarrera bikaina erakutsi zuen. Horrela, Pelayo Fano Llorente, Ahmadfekri El Ghabali El Moussaoui eta Jokin Garcia Basurtoren entseguekin, eta Gaizka Arrizabalaga Zenarruzabeitiaren beste hiru transformaziorekin garaipena lortu zuten.

Neurketa zirraragarri horren ondoren, hurrengo jardunaldian ere etxetik kanpo jokatuko du Eibar Rugby Taldeak, igandean, urriak 25, 12:00etan, Zarautz-Beltzak taldearen kontra.