Markel Martin 'Emeka': "Hasieran rap-a bakarrik egiten nuen, baina orain leiho gehiago zabaldu ditut"

Etxean joko du Markel Martin ‘Emeka’-k, Amañako Gazte Egunean. Gaztea izanda ere, urte asko daramatza rap-a egiten eta bere sorkuntzak ez du mugarik. Era berean, urteekin izan duen eboluzioak beste estilo batzuk jorratzera eraman du.
Markel Martin 'Emeka': "Hasieran rap-a bakarrik egiten nuen, baina orain leiho gehiago zabaldu ditut"
Emeka-ren "barrak" entzuteko gogoz daude Eibar eta inguruetako zaleak.
2026/10/22 09:55
Ekhi Belar Errasti

Amañako Gazte Egunaren bigarren edizioa ospatuko da bihar eta, horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute auzoko gazteek: 12:00etan trikipoteoa, 16:00etan mus txapelketa, 18:00etan txokolatada, 18:30ean ‘Josetxo ta Alayak’ elektrotxaranga, eta 21:30etatik aurrera ‘Emeka’, ‘Mutiko eta Marmitako Trap Banda’ eta ‘Muxutruk Erromeriaren’ kontzertuak.

 

‘Kosas klaras’, ‘Mustang’, ‘Dime algo’, ‘Dardarak’... hainbat abesti kaleratu dituzu azken urtean. Sorkuntza momentu oparoa bizi duzu ala beti izan zara emankorra abestiak egiteko orduan?

Ikuspuntu helduagoa eman nahi dut orain eta horretan nago orain buru-belarri. Ez dut eman nahi hain ‘txuleta’ itxura. ‘Txuleta’ izaten jarraitzen dut, baina gauzak ondo egin behar direla adierazi nahi dut eta horretan nabil lanean.

Nondik etortzen zaizu inspirazioa?

Momentuaren araberakoa da hori. Arlo horretan ere lana egiten ari naiz eta konstantea izaten saiatzen ari naiz. Soraluzera astean behin joaten naiz grabatzera, bai edo bai, eta bertan zerbait egiten saiatzen gara. Izan ahotsak nahastu edo bi gauzatxo grabatu, behintzat beti zerbait egitea.

Amañan joko duzu bihar. Auzoak markatu egiten du abestiak sortzeko orduan?

Bai! Pentsa, gure kalean hiru lagunek rapeatzen dugu eta hirurak elkarren alboan bizi ginen. Xune (Renk CA) ez da hor bizi orain, baina Esco, Xune eta hiruon portalak bata bestearen alboan egon dira. Bitxia da. Amañak badauka zerbait.

Bihar auzoan arituko zara. Nola sentitzen zara horren aurrean?

Pixka bat urduri etxean delako, gurasoak ikusten egongo direlako, baita euren lagunak ere... Baina beno, gogoarekin.

Inoiz zuzenean ikusi ez zaituenarentzat: nolakoak izaten dira zure ikuskizunak?

Intentsitate asko transmititu nahi izaten dut zuzenekoetan, energia asko. Asko mugitzen naiz. Geldi egoten bazara, publikoa ere geldi geratuko da eta, nik jendea saltoka egotea eta letrak dakizkienak abestu ditzala nahi izaten dut. Jendea topera egotea saiatzen naiz.

Amañan ez da Eibarko jendea bakarrik egongo, baina Eibarren nolako rap publikoa dago?

Orain dela bost urte inguru mugimendu gehiago zegoela uste dut. Orain beste genero batzuk zabaldu dira gehiago gazteen inguruan. Agian, lehen rap-a modan zegoen eta orain atzera egin du, baina uste dut Eibarko jendeari rap-a gustatzen zaiola, gure adinekoak, gazteagoak ala zaharragoak izan. Kultura ona dago Eibarren.

Lehen North School komunitatea zenuten, bazegoen mugimendua. Nola jarraitzen du horrek?

Bai, badugu komunitatea hor. Orain, Amañan estudiorik ez daukagunez, North School-eko kide bakoitzak bere aldetik jarraitu du, baina noizean behin elkartzen gara, afariak egiten ditugu edo dena delakoa, harremanetan jarraitzen dugulako.

Soraluzen grabatzen duzula esan duzu. Zergatik?

Ina Peñalbarekin grabatzen dut Soraluzen. Lehen gitarra-jolea zen eta orain ‘baseak’ (rap-ean abesteko edo errimak egiteko erabiltzen den soinu-oinarri edo instrumentala) egiten hasi da, eta oso gustora nago berarekin. Bestela, Denso-rekin aritzen naiz Arrasaten. Gaur egun estudio asko dago, baina Eibarren ez. Legarren badago, baina sartzen saiatu ginen eta oso konstantea izan behar zara, plaza mugatuak daudelako, eta astero joan behar zara eta abar. Horregatik bilatu genuen beste toki bat.

Rap-ean letrek berebiziko garrantzia dute eta horretan trebatzen zara, baina nola moldatzen zara erritmoa eta musika jartzeko?

Aspalditik ari gara hain rap ez diren kantuak egiten. Beste estilo batzuk aurkitzen saiatzen ari gara. Horretarako, autotuneak asko laguntzen dit, baina beti izan dut melodiak sortzeko ohitura. Beti noa txistua jotzen, melodiak pentsatzen, eta estudioan forma ematen diot horri.

Nola esango zenuke eboluzionatu duzula hasi zinenetik gaur egunera arte?

Asko ere osoagoa naizela esango nuke. Askoz ere genero gehiago egin ditut. Nire nota 6 da arlo guztietan: rap-ean ondo aritzen naiz, beti egin izan dudalako, baina beste edozein gauza egitera moldatu naiteke. Hori, hasi nintzenean, ezta pentsatu ere. Rap-a bakarrik egiten nuen, baina orain leiho gehiago zabaldu ditut.

North School bezalako komunitateak edo beste rap sortzaile batzuekin izan dezakezun harremanak horretan laguntzen du?

Hori da! Jendea ezagutzeko eta garrak piztuta jarraitzeko balio du horrek. Agian beste batzuei ez, baina neri gertatzen zaidana da aspertu egiten naizela beti berdina egiten badut. Zerbait berria aurkitzen duzunean motibatu egiten zara.