Martxan da Indalecio Ojanguren argazki lehiaketaren edizio berria
Eibarko Udalak, Klub Deportiboaren laguntzaz, 2024ko Indalecio Ojanguren XXXVII. Argazki Lehiaketarako deia egin du. Edozeinek hartu dezake parte, norberaren aukerako gaiarekin, eta parte-hartzaile bakoitzeko gehienez hiru argazki zuri-beltzean eta hiru koloretan onartuko dituzte.
Izen-ematea doakoa da, eta lehiaketarako lanak irailaren 30era arte aurkeztu daitezke. Lanak Eibarko Udalaren Kultura sailean (Portalea eraikina, 1. pisua) entregatu beharko dira, honako jarraibideak kontuan hartuta: argazkiak 40x50 zentimetroko kartulinarekin edo kartoiarekin indartuak aurkeztu beharko dira; eta argazkiak gehienez ere 30x40 zentimetrokoak izan beharko dira.
Lan bakoitzaren atzealdean lanaren izena zein den azaldu beharko da. Egilearen datuak, berriz, kartazal itxi batean, bidalketaren kanpoaldean itsatsita aurkeztuko dira. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak hemengo argazkilariak saritzeko egiten den lehiaketa hori garrantzitsuenen artean dago, eta 06/2024 Argizaiola Lehiaketaren sailkapenerako baliagarria da.