Martxan daude Untzagako igogailua eta Sostoatarren kaleko eskailera mekanikoak

Martxan daude Untzagako igogailua eta Sostoatarren kaleko eskailera mekanikoak
2025/12/19 11:16
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, hiriko irisgarritasuna hobetzeko bi azpiegitura jarri ditu martxan aste honetan. Batetik, Untzagako nagusien zentro sozialeko igogailu berria atzo, abenduaren 18an, hasi zen martxan; bestetik, Egigurentarren eta Sostoatarren kaleak lotzen dituen eskailera mekanikoak gaurtik aurrera egongo dira erabilgarri herritarrentzat.

Sostoatarren kaleko eskailera mekanikoak erabat berritu dira eta Udalak emandako datuen arabera 270.000 eurotik gorako inbertsioa egin dute. Jon Iraola alkateak nabarmendu du azpiegitura hauek “herritarren egunerokoa errazteko eta hirian erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko funtsezkoak” direla.

Pedro Escribano Obra zinegotziaren arabera, proiektua erabiltzaileen esperientzia kontuan hartuta diseinatu da, eta eskailera berriek “efizientzia eta erosotasuna” uztartzen dituzte.

Bestalde, Untzagako nagusien zentro sozialeko igogailua ere jarri da martxan. Lanek 45.789,61 euroko kostua izan dute, eta lehengo igogailua desmuntatzea, obrak zuloaren egokitzapena eta ateak pintatzea barne hartu ditu. Alkateak azpimarratu du igogailua “funtsezkoa” dela erdigunera edo Txaltxazelaira egunero joaten diren adinekoentzat, eta horrela irisgarritasunarekiko konpromisoa berresten duela.