Mercadonak langile bat kaleratu duela salatzeko elkarretaratzea egin dute
Azaldutakoari jarraituz, supermerkatuko langile komitea CCOO eta UGT sindikatuak osatzen dute gehiengoz, “eta, horren ondorioz, beraien lan hitzarmena estatu mailako da. Erabakiak eta lan eskubideen arautzea Euskal Herritik kanpo hartzen dira, hemengo errealitate sindikalaren aitortza ukatuz”.
Gauzak horrela, estatu mailako hitzarmen horri lotuta daude lan-baldintzak ere: “Soldata-taula baxuak dira nagusi, eta lanaldi partzialak dituzte orokorrean. Honek enpresari aukera ematen dio lanaldi malguak inposatzeko, ekoizpenaren une bakoitzeko langile-kopurua doitzeko. Lanaldi eta ordutegi horiek zailtasun handiak eragiten dizkiete langileei, beraien lana eta familia-bizitza uztartzeko. Gainera, erostetxe horietan sindikatuen aurkako politika egiten da, biltzeko eskubidea zailduz, zerrenda sindikaletan dauden langileak psikologikoki presionatuz, sindikalistak lanetik baztertuz edo patronalak kontrolatutako sindikatu horiak sortuz”.