Mercedes Kareaga Bekaren emaitza den liburua aurkeztu du Begoña Etxenagusiak
2022an kaleratu zen Mercedes Kareaga ikerketa-bekaren emaitza den Mercedes Kareaga Gisasola (1908-1997) liburua aurkeztu zuten atzo (eguaztena, hilak 15), udaletxean. Begoña Etxenagusia Atutxak egin du liburua, bi urteko ikerketa-lanaren ostean. Bai beka, baita liburuaren edizioa ere, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan egin ditu Udalak.
Jon Iraola alkateak, Mertxe Garate Ego Ibarra batzordeko buruak, Unai Belaustegi EHU-ko irakasleak eta Begoña Etxenagusia lanaren egileak hartu zuten parte aurkezpen ekitaldian. Bertan azaldutakoaren arabera, “Mercedes Kareagaren bizitza eta, bereziki, gizartegintza arloan izandako ekarpena” bildu nahi izan ditu egileak liburuan.
Aurkezpenean esandakoari jarraituta, “Mercedes Kareagaren bizitza XX. mendeko historia hobeto ulertzeko adibide on bat da”. Egileak hainbat ataletan banatu ditu Kareagaren bizitza eta ekarpenak: haurtzaroa, ikasketak, Emakume Abertzale Batza, Gerra Zibila, Frankismoa, Goi Argi elkartea, “adreilu operazioa”, Cayetano Careaga tailerrak…
Etxenagusiak Kareagaren bizitza eraiki du, hark utzitako arrasto dokumentalari jarraituz, garaiko egunkari eta idatziak errepasatuz, eta hainbat artxibotan ikertuz. Zentzu horretan, Etxenagusiak artxiboen garrantzia azpimarratu zuen ekitaldian, eta bere esker ona adierazi zien Yolanda Ruiz Eibarko Udal Artxiboko arduradunari, baita Unai Belaustegiri ere, ikerketa-lanaren lanaren jarraipena egiteagatik. Aurkezpenera gerturatu ziren Goi Argi elkarteko emakumeei, tartean Karmen Apellanizeri ere eskerrak eman zizkien, eskainitako laguntzarengatik.

