Merkataritzan enpleguari eusteko ekimenak
Eibarko dendetako beharginen trebakuntzarako aurten egindakoen berri eman dute gaur (barixakua, hilak 18) prentsaurrekoan Maria Jose Telleria Ekonomia Garapena, Enplegua eta Berrikuntza alorreko zinegotziak, Ana Aranberri EMGI-aren buruak eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren Eibarko arduradunak eta Iñaki Etxaniz Merkataritza Federazioko teknikariak.
Denda txikietan enpleguari eusteko zuzendutako prestakuntza, bertan eskainitako zerbitzuaren kalitatea areagotze aldera bideratu dute eta, azaldu dutenez, "tutoretza-programa baten bidez garatu den jardueran sei dendek hartu dute parte, denda bakoitzeko tutore banarekin".
Kualifikazioa hobetzeko hiru ikastaro ere eman dituzte eta horietan 45 dendarik hartu dute parte: batetik, kanpoko komunikazioarekin eta irudi komertzialarekin lotutako prestakuntza landu da; bestetik, establezimenduaren kudeaketa integrala eta internet bidezko salmenta; eta aipatutako bi horiekin batera, sare sozialak salmentarako nola erabili ikasi dute ikastaroetan parte hartu dutenek. Salmentaren inguruan eman dituzten lau ikastaroetan, berriz, 60 dendarik eta langabetuk hartu dute parte. Bestalde, merkataritzan beharrean ldiharduten sei lagunendako planak egin dituzte Hobetuzen bidez eta horri esker sei lagun kontratatu dituzte Eibarko beste horrenbeste dendatan. Horrekin batera, egon daiteken eskariari erantzuteko prestakuntza jaso duten hamar lagunekin lan-poltsa osatu dute.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioak "etorkizunean egon daitezkeen premien inguruko diagnostikoa" egingo duela aurreratu dute, "prestakuntza horiei erantzuna ematera bideratzeko". Horiek guztiak Lanbideren %85eko laguntzari esker egin dituzte.
Kontratuak egiteko laguntzak
Bestalde, gaurko boletinean merkataritza-ostalaritzan kontratuak egiteko diru-laguntzak jasotzeko betebeharrekoak argitara eman direla adierazi dute: "Norbaitek horien inguruko interesa benetan badauka, gurekin harremanetan ipini dadila guk eskaera egiteko".