Merkatu plazako produktuekin egindako pintxo-dastaketa zapatuan
Zapatuan (abenduaren 7an) Merkatu Plaza kanpoan Oscar Trebiño Kultu eta Koskor tabernetako sukaldariak plazako saltzaile eta baserritarren produktuekin 1.200 pintxo prestatuko ditu jendearen aurrean, 10.00etatik 13.00era, plazan zerbait erosten dutenek eskuratuko duten tiketarekin doan jateko. Hiru pintxo ezberdin egongo dira: perretxiko eta porruz betetako kuiatxoak, kuia krema urdaiazpiko kurruskariaz eta lur tenpura ali-oli eta azalore aparrarekin.
Ekitaldia Debemenek eta Eibarko Udalak antolatu dute, Eibarko Plaziaren laguntzarekin eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak egunerako antolatu duen Opari Eguna programaren barruan kokatzen da. Baserrikoa Debabarrena ekimenari jarraituta, Debemenek bertako baserritarren produktuen salmenta bultzatu nahi du. Besteak beste, egun horretan estreinatzeko mantelak oparitu dizkiete baserritarrei eta erosketak egiteko poltsak oparituko dituzte.