Merkealdi berezien azoka zabalik
Gaur goizean (eguaztena, hilak 22) zabaldu dute Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatzen duen merkealdi berezien azoka, Toribio Etxebarria kalean. Azoka barixakura arte egongo da martxan eta hiru egunetan goizeko 10.00etatik 20.00etara zabalduko dute. Erropa, oinetakoak, lentzeria, kirolak, osagarriak eta dekorazioa, besteak beste, prezio berezietan erosteko aukera egongo da azokako 25 postuetan: ehungintzan, Cedry, De Capricho, El Corte Inglés, Gratzina, Guby Chicas, Guby Chicos, Irritsa, Lide, No Comment eta Nona; umeendako ehungintzan, Ikusimakusi, Kopiña eta Sare; etxeko ehungintzan, Aixa eta Neure; oinetakoetan, Bambi eta Tribeka; lentzeria eta mertzerian, Kinkila, Las labores de Ainhoa, Ttiki eta Txukuna; estetikan, Burbujas y Más; parafarmazian, Farmalur; kiroletan, Askasibar; eta dekorazioan, Izane. Aldi berean, Askasibar Eibar Foball Taldeko denda ofizialaren ondoan beste stand bat kokatu dute foball taldearen ekipazio berria saltzeko. Horrekin batera, inguruko tabernek azokarekin bateragarri izango diren hainbat ekitaldi prestatuko dituzte. Ez da faltako ere ...eta kitto! Euskara Elkarteak azoka aprobetxatuz prestatu duen “Dendarien Berbetan” ekimena eta horren barruan jendea euskeraz erosketak egiteko animatzeko antolatu duten lelo-lehiaketa.