Metal hitzarmenaren aldeko beste bi greba-deialdi eguazten eta barixakurako
"Espainiako lan erreforma saihestea eta uztailaren 7an iraungitako itunen ultraaktibitatea amaitu aurretik horiek berritzeko asmoz" gaur eguerdian eskualde mailako manifestazioa egin dute metaleko beharginek LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, "Herrialdeko hitzarmenaren alde" zioen pankartaren atzetik. Gaurkoa aste honetarako deituta dauden hiru greba egunetatik lehena izan da. Izan ere, eguaztenerako (ekainaren 19rako) eta barixakurako (ekainaren 21erako) lanuzteak eta mobilizazioak deitu dituzte. Sindikatuetako ordezkariak gaurko emaitzarekin pozik agertu dira, baina Adegik grebaren eragina "txikia" izan dela adierazi du. Patronalaren arabera, enpresa txikietan lanuzteak "ia batere ez" du eragin eta enpresa handietan, berriz, beharginen %80 beharrera joan dira.