Metalgintza-hitzarmenaren aldeko mobilizazioak egiten dihardu LAB sindikatuak
Gaur goizean (hilak 24) Debabarrenako metaleko LAB-eko delegatuek kotxe-karabanan zeharkatu dituzte Eibar, Soraluze, Elgoibar eta Mendaro, "Gipuzkoako metalgintzako negoziazio mahaiak bizi duen blokeo egoera salatzeko eta, maiatzean burutuko diren greben harira, giroa berotzeko. Oraindik, sindikatu guztiekin ahal den eta adostasun handiena erdiesteko helburuarekin, greba egunak finkatu gabe daude".
Bien bitartean, LAB sindikatuak aurreikusitako egutegiari jarraituko diola aurreratu du: maiatzak 3an (barixakua) 19.00etan Soraluzeko plazan batuko dira ordezkariak, propaganda banatzeko; maiatzak 7an (martitzena) goizeko 08.30etan Itziarren batuko dira (Correa Anaiak lantegi aldamenean), han ere propaganda banatzeko; eta maiatzak 10ean (barixakua) helburu berarekin Elgoibarren (LABen egoitzan) bilduko dira ordezkariak. Atzo, bestalde, Rodisa enpresaren parean elkarretaratzea egin zuten.