Miguel de los Toyos alkateak larritzat jotzen du udal langileen zintzotasuna zalantzan jartzea
Eibarko alkateak oraindik ez du inongo notifikaziorik jaso atzo Gara eta El País egunkariek kaleratutako informazioaren inguruan. "Komunikabideetan irakurritakoa besterik ez dakigu" dio De los Toyosek. Dena dela, lasai dagoela dio eta, "izatekotan, deklaratzera joateko eskatzen badidate, prest nago joateko eta gure portaera zintzoa izan dela edonon erakusteko". Orain hiru urte Eibarko Aralarrek prebarikazioagatik Eibarko Udala auzitegira eraman eta gero, aurreko astean alkateak berak emandako prentsaurrekoan Errebalgo orubearen auzia itxitzat eman zuen. Azken berriek, baina, Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak auzia berraztertzea erabaki duela diote eta, baita, De los Toyos bera (orduan Hirigintza zinegotzia) deklaratzera deituko dutela, honako hiru beharginekin batera: Arantza Etxaniz (udal idazkaria), Iñaki Serrano (obra saileko aholkulari juridikoa) eta Elena Juaristi (udal arkitektoa). Alkateak dioenez, "epaitegiek eskatutakoari jarraituko diogu, baina oraindik ez dut ezagutzen honaino ekarri digun auzi honen ibilbidea". Aldi berean, azpimarratu nahi izan du "Aralarrek azken urteotan auzi askotan sartu bagaitu ere, Erisono-Teknikerrena kasu, guztietan guri eman digute arrazoia. Errebalgoan ere, erabaki finkoa hartutako hirutan gure alde egin dute eta laugarren hau geratzen da bakarrik". Minduta agertzen da alkatea, "lurrak hainbeste harrotu eta gero, azken epaia gure aldekoa izanda ere, artxibatzean hainbeste oihartzunik ez duelako izango" eta udal beharginen jarrera eta lana zalantzan jartzen delako. Euskal Kontu-Auzitegiak "neurria legegintzaren aurkakoa izan zela" dioela-eta, auzitegi horrek askotan zorrotzegi jokatzen duela dio alkateak. Onartzen du bere jardunean gauzak hobeto edo txarrago egin daitezkeela, baina kexu da Aralarretik hartutako jarrerarekin: "Helegiteak aurkezteko arrazoiak egon daitezkeen moduan, ez dut uste berdin jokatu dezakegunik jendearen ohorearekin eta, prebarikazioaren salaketa horrekin aditzera ematen den arabera, edozeini bere jardunean fede txarrarekin jardutea eragozterakoan". Ez autorik, ez notifikaziorik jaso ez duenez, ez daki zein izango den eman beharreko hurrengo pausua: "Deitzen badidate, han izango naiz. Iñaki Arriolari ez dakit deituko dioten; baina, gaur egun foruduna ez denez, berdin deitu diezaiokete".