Mila lagunetik gora elkartu ziren zapatuan egindako Minbiziaren Aurkako Martxa solidarioan
Edizio honetako kamisetaren sortzailea den Iñigo Manterolak ere hartu zuen parte martxan, eta bere berbetan “edozein lasterketa edo martxako denbora garrantzitsua da, gaixotasun honen detekzio goiztiarrean bezala, mezu horrekin diseinatu da aurtengo kamiseta”. Hiru kilometroko martxa herritar guztiei zuzendutako proba solidarioa izan zen eta 11:00etan hasi zen, Untzagan. Aurretik, bertaratutakoek zumba saio batez gozatu ahal izan zuten beroketa moduan, Kaxaren eskutik.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu zuten pertsona guztiei: “Mila esker ekimen honetan parte hartu nahi izan duten eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan laguntzea erabaki duten pertsona guztiei, ekimenean parte hartuz zein parte-hartzaileak animatzera hurbilduz. Ez dugu ahaztu nahi beren zeregin desberdinekin ekitaldi hau egitea ahalbidetu duten boluntario guztiak. Boluntarioei eskerrak eman nahi dizkiegu, haiek gabe hau guztia ezinezkoa izango litzatekeelako. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie edkitaldiaren babeslea izan den Eibarko Udalari, eta proiektu honekin bat egin eta ekitaldian lagundu nahi izan duten kolaboratzaileei: Tekniker, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Urkotronik, Gurutze Gorria, Garajes García, Untzaga gizarte etxea, Kaxa, Amaña es la Caña, Solán de Cabras, SER, Los 40 principales, Ixua eta Hanna Instruments”. Jardunaldi honek, kirolaren eta elikadura osasungarriaren bidez bizitza osasuntsua izateak minbiziaren prebentzioan duen garrantzia azpimarratzeko balio izan du.
Argazkiak: Eibarko Udala