Milaka sari banatuko ditu aurten ere Arrate eguneko Kittonboliak
Arrateko jaiekin hasten da, moduren batean, …eta kitto! Euskara Elkartearen ikasturteko jarduna. Lehenengo aldizkaria kalean jada, bezperako bertso-saioarekin eta Arrate eguneko Kittonboliarekin ekiten dio elkarteak ikasturteari. 2003an antolatu zuen …eta kitto!-k lehenengo aldiz tonbola eta orduz geroztik Arrateetako ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Astelehenean goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak, betiko moduan Eliza parean. Urte hauetan guztietan aldatu ez den beste kontu bat prezioa da, hasieratik balio baitu euro bakarra boletoak. Eta euro baten truke sari ikusgarriak irabazteko aukera: telebista, afariak, urdaiazpikoa, motxilak, otarra, txuletak, opari-txartelak… Milaka opari daude jokoan.
Herriko elkarte, denda, taberna eta enpresen kolaborazioa ezinbestekoa da …eta kitto!-rentzat, haien guztien laguntzari esker antolatzen baitu tonbola. Gainera, ekimen honetatik lortutako dirua Eibarren euskararen alde lan egiten jarraitzeko erabiliko du elkarteak. Urte osoko jarduna aurrera eramateko “ezinbestekoa dugu, bestela ezingo genuke Berbetan Mintzapraktika Programa, Sozializazio eta Transmisio Mintegia, bertso-paper lehiaketa, literatura lehiaketak, atari hau eta sare sozialak eta beste hainbat proiektu garatu”, diote elkartetik.