(min)bizi, sareak ehuntzen

Izan Iñurri elkartearen ‘(min)bizi’ erakusketa urriaren 30era arte egongo da ikusgai Eibarko Andretxean. Minbiziaren inguruko tabuak hautsi eta gaixotasunak eragiten dituen ondorioak ikusaraztea du helburu. Irudien, testuen eta bestelako sormen-lanen bidez, gaixotasuna bizi dutenen gorputzak eta bizipenak azaleratzen ditu. Horrez gain, minbiziaren inguruko aurreiritziei eta gizartearen begiradari buruz hausnartzeko gonbita egiten du. Elkartasuna eta elkar zaintzeko sareak ere aldarrikatzen ditu.
(min)bizi, sareak ehuntzen
Argazkia: Izan Inurri
2026/10/23 14:51
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Minbiziak ez du gorputza bakarrik aldatzen. Harremanetan, sexualitatean, lan egoeran eta norberaren gorputzarekiko harremanean ere izan dezake eragina, baita etorkizunari begiratzeko moduan ere. Hala ere, gaixotasunaz hitz egitean, sarritan tratamendua jartzen da erdigunean, eta albo batera geratzen dira eguneroko bizitzan eragiten dituzten ondorioak. Errealitate horiei begiratzeko aukera eskaintzen du Izan Iñurri elkartearen ‘(min)bizi erakusketak’, Eibarko Andretxean.

«Gaur egun minbiziaren inguruan gertatzen diren gai asko ukitzen ditugu: heriotza bera, bizitza… Azken urteetan ikasi dugunaren laburpena da erakusketa, ibilbidearen ispilu bat», azaldu du Beñat Elizaldek, Izan Iñurriko arte zuzendariak, diseinatzaileak eta web sortzaileak. Bost urte daramatza elkartearekin elkarlanean, eta azaldu duenez, erakusketak urte horietan eraikitako unibertso bisual eta narratiboa biltzen du.

Andretxean ikusgai dagoen '(min)bizi' erakusketa.
Izan Iñurri Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok sortu zuten, Illarramendiren ama minbiziaren ondorioz hil ondoren. Hasieran, kamisetak egin zituzten, gaixotasuna bizi zuten pertsonei laguntzeko dirua biltzeko. Ekimena handituz joan zen, eta gaur egun, minbizia dutenen eta haien bidelagunen beharrei erantzuteko zerbitzuak eskaintzeaz gain, gaixotasunaren inguruko gizarte ikuspegia eraldatzea du helburu.

«Minbiziak jende askoren errealitatea aldatzen du. Horren inguruan, gaur egun “tribua” deitzen dioguna osatzen joan zen», azaldu du Elizaldek. Elkartearen lanaren oinarrietako bat da gaixotasunaren prozesua bakardadean ez bizitzea. Horretarako, fisioterapia onkologikoa eta zoru pelbikoko fisioterapia, talde terapiak eta aholkularitza legala eta fiskala eskaintzen dituzte, besteak beste. Zerbitzuez harago, antzeko egoerak bizi dituzten pertsonen arteko harremanak sustatzen dituzte.

Gaixotasun bera edo antzeko egoera bizi izan duen norbaitekin hitz egiteak ulertua sentitzeko aukera ematen du. Horregatik, diagnostiko edo bizipen antzekoak dituzten pertsonak harremanetan jartzen saiatzen dira elkartean. Haien artean sortzen den sareari deitzen diote tribua: esperientziak eta zalantzak partekatzeko, elkarri laguntzeko eta, behar denean, kafe bat hartzeko edo kirola egiteko gunea.

«Bat-batean fokua aldatzen zaizu, eta askoz ere kontzienteagoa zara beste gauza batzuez; beste modu batera bizitzen zara», dio Elizaldek, «Hil arte Bizi» leloaren esanahia azaltzean. Gaixotasunak ekar dezakeen zaurgarritasunaren erdian, besteekin sortutako loturek bizitzeko modua ere alda dezakete.

Gorputzak eta bizipenak ikusaraztea

Erakusketaren bidez, minbizia bizi dutenen errealitatea gizarte osoari hurbildu nahi diote, gaixotasunaren inguruko ezjakintasuna eta aurreiritziak azaleratzeko. «Nik uste dut jendeak ez dakiela, edo ez dakigula, zer den minbizia», dio Elizaldek. Asmo onez esandako hitzek ere min egin dezakete batzuetan. Burusoil dagoen pertsona bati ilea ondo geratzen zaiola esatea, esaterako, desegokia izan daiteke: ilea ez du nahita galdu, tratamenduaren ondorioz baizik.

Izan ere, minbizia ez da tratamendua amaitzean desagertzen. Ondorio fisikoak, emozionalak eta ekonomikoak luzaroan iraun dezakete, eta eguneroko bizitza berrantolatzera behartu. «Minbizia zaurgarritasunaren anplifikadore bat da: askotan, inguruan dauzkazun arazo guztiak handitu egiten ditu», azaldu du Elizaldek. Eragina izan dezake lanean, harremanetan eta norberaren ongizatean.

Iñurri elkarteko kideak erakusketaren aurkezpenean Andretxean.

Errealitate horiek ikusarazteko, erakusketak ez ezik, hitzaldiak, podcastak eta kultur ekitaldiak ere antolatzen ditu elkarteak. Elizalderen arabera, erakusketak badu berezitasun bat: bisitariak bere erritmoan hurbil daitezke edukira, inorekin hitz egin edo bizipenik partekatu beharrik gabe. «Agian ez zaude zure momenturik onenean, eta ez duzu inorekin konpartitu nahi. Baina erakusketara bakarrik joan zaitezke; bertan dago dena azalduta, distantziatik», azaldu du.

Minbizia ikuspegi feministatik lantzea ere funtsezkoa da Izan Iñurrirentzat. Elizaldek dioenez, gizartean eta osasun arretan dauden genero desberdintasunek eragina dute gaixotasuna bizitzeko moduan. Emakumeen gorputza eta itxura fisikoa gehiegi jartzen dira erdigunean, eta, sarritan, gaixotasunaren ondorioak estaltzeko joera dago. Horren adibide da ileordeak edo protesiak aukeratzeko informazioa ematea, baina sexualitatea berreskuratzeko edo ebakuntza ondoren gorputza zaintzeko baliabideak bigarren planoan geratzea.

«Normalean, soluzio gisa hartzen da gauzak tapatzea, eta zu izatea gaixotasuna baino lehen zegoen pertsona bera, zure gorputz normatiboarekin, jendeak ulertu dezan ondo zaudela», dio Elizaldek. Haren ustez, ikuspegi horrek ez ditu beti aintzat hartzen pertsona bakoitzaren beharrak eta bizipenak.

Normalean, soluzio gisa hartzen da gauzak tapatzea, eta zu izatea gaixotasuna baino lehen zegoen pertsona bera, zure gorputz normatiboarekin, jendeak ulertu dezan ondo zaudela

Elizaldek kritika egiten die, halaber, urrian bularreko minbiziaren inguruan zabaltzen diren kanpaina komertzialei. Haren ustez, marka batzuek gaixotasuna baliatzen dute produktu arrosak saltzeko, baina ez da beti argi geratzen bildutako dirua zertara bideratzen den.

Erakusketaren muntaketa Eibarren egiten ari zirela, esaterako, herriko futbol taldeak kamiseta arrosarekin jokatu behar zuela ikusi zuten. Realak ere minbiziaren inguruko partida «irabazi beharreko» gisa aurkeztu zuen sare sozialetan. Elizalderen ustez, horrelako mezuak problematikoak izan daitezke, minbizia gainditzea garaipen gisa aurkezten baitute, eta gaixotasuna gainditzen ez duten pertsonak bazterrean uzteko arriskua baitute. «Badira batzuk minbizia gainditzen ez dutenak; orduan, horiek zer dira, galtzaileak?», galdetu du.

Horregatik, minbiziaren inguruko diskurtsoek gaixotasuna bizi dutenen errealitate osoa jaso behar dutela uste du. Izan ere, esperientzia ez da garaipen edo porrot kontu bat: pertsona bakoitzaren bizipenari, zaurgarritasunari eta egoerari lekua egin behar zaie.

Gizarte osoari zuzendutako erakusketa

Diseinua, ilustrazioa, argazkilaritza eta testuak uztartzen ditu (min)bizi erakusketak, minbiziaren inguruko esperientziak eta aldarrikapenak azaleratzeko. «Unibertso bisual eta narratibo bat eraikitzen joan gara», azaldu du Elizaldek. Erakusketak, beraz, gaixotasunari buruzko informazioa emateaz gain, gorputzei, bizipenei eta gizartearen begiradari buruz hausnartzeko aukera eskaintzen du.

Urriaren 14an egin zuten erakusketaren aurkezpena Eibarren, eta Andretxearen arabera, 25 lagun inguru bertaratu ziren. Izan Iñurriko bost emakumek erakusketaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta beren bizipenak, hausnarketak eta aldarrikapenak partekatu zituzten, «gertutasunez, eskuzabaltasunez, konfiantzaz eta umorez».

Elizaldek herritarrek erakusketatik ideia bat eramatea nahiko luke: minbiziak ondorio asko dituela, eta horiek ez direla tratamendua amaitzean desagertzen. «Seguru bakoitzak ezagutzen duela minbizia pasatu duen ezagunen bat edo familiakoren bat», azaldu du. «Kontziente izatea nahi dugu, horrek zer albo kalte eta zer ondorio dakartzan, eta ea guztion artean bidea erosoago egiten dugun».

Andretxeak ere oso positiboki baloratu du erakusketa. Berdintasunerako Unitatearen arabera, aurkezpenaz gain, jendea erakusketa ikustera hurbiltzen ari da. Bereziki nabarmendu ditu Izan Iñurrik sustatzen dituen laguntza sareak eta antolakuntza kolektiboa.

«Topaketak elkarri entzutearen, elkar ulertzearen eta elkarri eustearen garrantzia gogorarazi zigun», adierazi du Andretxeak. Erakundearen ustez, tribua eraikitzea funtsezkoa da gaixotasunaren prozesua bakardadean ez bizitzeko; halaber, elkartearen jardunak emakumeen autonomia eta ahalduntze feminista sustatzen ditu. Erakusketak, gainera, genero desberdintasunek gaixotasunaren esperientzian, osasun arretan eta zaintzan duten eraginaz hausnartzeko aukera ematen du.

Erakusketa urriaren 30era arte egongo da ikusgai Eibarko Andretxean, minbiziaren inguruan gutxi aipatzen diren bizipenak eta ondorioak ezagutarazteko.