Minbizia prebenitzeko ibilbide osasungarriak bueltan dira
Munduko Osasun Erakundeak astean 150 minutuz jarduera fisikoa egitea gomendatzen du. Beraz, jarduera hori sustatzeko asmoz, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan (AECC) elkarteak orain dela zenbait urte martxan jarri zuen ibilbide osasungarriak egitasmoa berreskuratu du hiruhileko honetarako, aste honetatik hasita.
Martitzenean egin zuen hiruhileko honetako lehen ibilbide osasungarria Eibarko taldeak. Denboraldi batez geldirik egon ondoren, jarduera hau martxan da berriz ere. “Hiru edo lau urte daramatzagu Eibarren ibilaldi osasungarriak eskaintzen. Hasieran jende gutxik eman zuen izena, pandemiaren sasoia zelako, baina askok horren beharra zegoela ikusi zuten, sozializatzeko eta mugitzeko aukera ona eskaintzen duelako, eta harrezkero oso harrera ona eduki duen ekintza izan da”, esan digu Laura Mongelos Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko psikologoak.
Ibilaldi osasungarrien denboraldi berria uztaila inguruan amaituko da eta gero, gauzak ondo, udako oporren ondoren berriz itzuliko da, irailean, beste hiru hilabetez. Horrela, taldeek jarraikortasuna edukitzea bilatu nahi dute, beti ere jende berria jasotzeko prest dauden arren.
Ibilbide bat astero
Eibarko taldean 12 lagun inguru daude gaur egun. “Batzuk berriak dira”, zehaztu digu Mongelosek. Beste batzuek, ordea, aurretik ere hartu dute parte, ekimenak izan duen harrera onaren seinale. Psikologoak asko baloratzen du jarduera taldean egin izatea. Izan ere, bere iritziz, “taldeak bultzada eman diezaieke kirola egiten ez duten edo jarduera fisikoa egiteari utzi dioten pertsonak badira”.
Ibilaldi osasungarriak astero egiten dira, astean behin, martitzenetan hain zuzen ere. Taldeko kideak AECC-k Ardantza kaleko 11. zenbakian duen egoitzan gelditzen dira goizeko 10:00etan eta, handik abiatuta, 6 kilometro inguruko ibilbidea egiten dute. Ibilaldiaren iraupena ordu eta erdi ingurukoa izaten da, baina hori parte-hartzaileen eta aukeratutako ibilbidearen araberakoa izaten da. “Egiten duen eguraldiaren arabera edo parte-hartzaileen gogoen arabera aukeratzen da egun bakoitzean egingo den ibilbidea. Taula batean hainbat ibilbide ezberdin ditugu zehaztuta, aukeratzeko beta emanez. Horrela, esan bezala, eguraldiaren arabera edo ibilbidearen zailtasunaren arabera (Eibar nahiko aldapatsua delako), erabiltzaileek aukeratzen dute zein egin”, zehaztu digu psikologoak.
Erritmoari dagokionez, bestalde, talde osoak elkarrekin hasten du ibilaldia, baina batzuek bizkorrago joatea nahiago izaten dute eta taldetxoak sortu daitezke. Dena dela, hori guztia kudeatzeaz elkarteko boluntario bat arduratzen da, eta bere esku dago jendeari harrera ematea, euren nahiak entzutea eta ibilaldietan gerta daitezkeen gorabeherak eta zalantzak argitzea edo konpontzea.
Bizitza sedentarioa ekidin
Mongelosek esan digunez, “sedentarismoa minbizia sortzeko arrisku-faktoreetako bat da”, eta hori prebenitzeko jarri dute martxan ibilaldi osasungarrien egitasmo hau. “Bizitza aktiboa sustatzea, konpainia sortzea eta ingurunea ezagutzea dira jardueraren helburu nagusiak“, AECC-ren berbetan. 18 urtetik gorako edonork eman dezake izena jarduera horretan, nahiz eta Mongelosek onartzen duen gaur egun taldean ez dagoela jende gazterik. “Minbiziaren prebentzioan, zenbat eta lehenago hasi hobeto”, bere berbetan. Beraz, gazteei ateak zabaltzen dizkiete ibilaldi osasungarrietan parte hartzeko.
Ibilaldi osasungarrietan izena eman ondoren, parte-hartzaileei elkarrizketa egiten zaie. “Horrela, bizitza sedentarioa duten edo jarduera fisikoa egiten duten jakin dezakegu, besteak beste”, azaldu digu Mongelosek. “Jardueraren hasieran eta amaieran egiten dugu balorazio hori eta, horrela, pertsona horri jarduerak nola eragin dion jakin dezakegu”.
Izena ematen duen pertsonak minbizia badu, ostera, kirol-teknikariekin jarriko da harremanetan eta kasu horietan beste bide bat hartzen da, egoera ezberdina delako.
Izena emateko
Ibilaldi osasungarrien ekimena doakoa da, plaza mugatuak ditu eta jarduera osasungarri horretan hasteko interesa duten guztientzat dago zabalik. “Edozein momentutan eman daiteke izena”, esan digu Mongelosek. Horrela, edonorentzat laga ditu ateak zabalik.
Interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Debabarreneko elkartearen telefonoan – 943 20 24 94 edo gipuzkoa@aecc.es helbidera mezu bat bidalita. Bestalde, https://www.contraelcancer.es/eu/talleres/ibilaldi-osasungarriak-eibar-1 webgunean ere izena emateko botoia aurkitu daiteke eta formularioa bete besterik ez da egin behar.