Minbiziaren Aurkako Martxa egingo da Eibarko kaleetatik ekainaren 15ean

Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da
Minbiziaren Aurkako Martxa egingo da Eibarko kaleetatik ekainaren 15ean
2024/06/12 12:02
eta kitto!

Minbiziaren Aurkako Martxaren 3. edizioa egingo da ekainaren 15ean, zapatuan, Eibarren. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatzen duen ekimenak milaka lagun bildu ohi ditu eta aurten antzeko parte-hartzea egotea espero dute antolatzaileek.

Hiru kilometroko martxa 11:00etan hasiko da, Untzaga plazan, eta amaiera leku berean izango da. Bestalde, probaren aurretik, bertaratutakoek Zumba saio batez gozatu ahal izango dute, beroketa gisa, Kaxaren eskutik. Parte hartu nahi dutenek, honako toki hauetan eros ditzakete dortsalak (kamiseta barne): RockTheSport.com webgunean, Eibarko jubilatu etxeetan, Amaña es la Caña kioskoan, eta Minbiziaren Aurka elkarteak Eibarren duen egoitzan (Ardantza, 11), goizeko 10:00etatik 13:00era.

Antolatzaileen berbetan, "Untzagatik Fermin Calbeton kalea hartuko dugu eta handik Bidebarrietara joango gara. Gero, Urkizun, Azpiri zegoen tokian, Arraguetarako bidea hartuko dugu, Ibarkurutze pasa eta Errebaletik Toribio Etxebarriara joateko. Udaletxe atzetik pasatuko gara eta San Andres pasealekutik Legarrerako bidea hartuko dugu trenbide azpitik pasata. Handik, Amaña baino lehenago dagoen biribilgunera iritsiko gara, Barrenengua kalea igo eta Isasitik Untzagara jaisteko. Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da".

Martxaren helburuei buruz galdetuta hauxe erantzun dute antolatzaileek: "Gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzea eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea".

Edizio honetako kamisetaren sortzailea Iñigo Manterola da, eta bere berbetan “edozein lasterketa edo martxako denbora garrantzitsua da, gaixotasun honen detekzio goiztiarrean bezala, mezu horrekin diseinatu da aurtengo kamiseta”. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Eibarko Udalari, martxaren babesle nagusia izateagatik, baita edizio honetan parte hartu duten gainerako laguntzaileei ere.