“Edozein lasterketatan denbora garrantzitsua da, minbiziaren detekzio goiztiarrean bezala”
Minbiziaren Aurkako Martxaren 3. edizioa egingo da ekainaren 15ean, zapatuan, Eibarren. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatzen duen ekimenak milaka lagun bildu ohi ditu eta aurten antzeko parte-hartzea egotea espero dute antolatzaileek.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Ardantza kaleko 11. zenbakian duen egoitzan egon gara Maria Amor Arakistain eta Lola Gisasolarekin. Ekainaren 15eko martxaren eta elkarteak Eibarren eta Debabarrenean egiten dituen ekintzen inguruan jardun dugu eurekin, eta herritar oro animatu nahi dute martxan parte har dezaten.
Zer prestatu duzue Eibarko 3. Minbiziaren Aurkako Martxarako?
Eguneko egitaraua goizean goizetik hasiko dugu. Martxa 11:00etan hasiko da, Untzagan, baina aurretik ekintzak egingo dira. Lehenik, martxan parte hartuko duten boluntarioak elkartuko gara, kamisetak erosteko postua zabalduko dugu eta, martxarako berotzen joateko, Kaxa dantza guneko lagunen eskutik zumba egingo dugu.
Berotu ondoren, nolako ibilbidea jarraituko du martxak?
Untzagatik Fermin Calbeton kalea hartuko dugu eta handik Bidebarrietara joango gara. Gero, Urkizun, Azpiri zegoen tokian, Arraguetarako bidea hartuko dugu, Ibarkurutze pasa eta Errebaletik Toribio Etxebarriara joateko. Udaletxe atzetik pasatuko gara eta San Andres pasealekutik Legarrerako bidea hartuko dugu trenbide azpitik pasata. Handik, Amaña baino lehenago dagoen biribilgunera iritsiko gara, Barrenengua kalea igo eta Isasitik Untzagara jaisteko. Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da.
Eta ibilbidea amaitzean, zer?
Anoa eskainiko diegu parte-hartzaileei. Ura eta fruta emango diegu, indarrak berreskuratzeko.
Boluntarioak aipatu dituzue. Jende askoren laguntza behar da horrelako ekintza bat prestatzeko?
Bai, noski. Boluntario batzuk beste herri batzuetatik etorriko dira (Debatik, Mutrikutik…). Batzuk bidegurutzeetan kokatzen dira, martxa bideratzeko; eta aurten boluntario gutxiago dagoenez ez dakigu nola egingo dugun, baina beste batzuk garajeetan kokatu ohi dira, autoekin kontuz ibiltzeko. Dena dela, martxaren aurretik Udaltzainak joango dira bidea irekitzen eta ezer txarrik gerta ez dadila zaintzen.
Beraz, boluntarioak behar dituzue?
Edozein laguntza ongi etorria da, gauza asko zaindu eta egin behar direlako. Herritar guztiei dei egiten diegu martxan parte hartzera eta, ahal bada, boluntario bezala etortzera ere. Horrez gain, babesleen laguntza ere berebizikoa izaten da. Bestalde, elkarteko langileek egiten duten lan guztia azpimarratzekoa da. Horrelako ekintza bat antolatzea demaseko lana da, ikusten ez den lana, eta egiten dutena txalotzekoa da.
Kamiseta diseinatzeko orduan ere jaso duzue laguntza, Iñigo Manterolak egin baitu diseinua.
Hori da! Kamisetan ikusten denez, hondarrezko erloju bat marraztu du, denboraren inguruko mezua helarazi nahi izan duelako. Izan ere, edozein lasterketatan edo martxatan denbora garrantzitsua da, minbiziaren detekzio goiztiarrean bezala.
Zeintzuk dira martxaren helburu nagusiak?
Gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzea eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea. Tabu sozialari dagokionez, adibidez, kalean minbizia duen ezagun batekin gurutzatzen zara eta ez dakizu berarekin nola jardun, ez dakizu berak zerbait esan nahi dizun… Orokorrean, uste dugu ez dakigula egoera horietan nola ekin. Egia da zaila ere badela. Orduan, naturaltasunez jokatzea komeni da.
Hirugarren edizioa ospatuko duzue aurten. Nolakoak izan dira aurreneko biak?
Oso ondo egon ziren. Lehenengo edizioa 2019an egin genuen, pandemia aurretik, eta jende ugari animatu zen. Iazko edizioan, berriz, kamiseta guztiak saldu genituen, 1.000 inguru, eta jendea kamiseta barik geratu zen. Aurten izen-ematea motelago doa, baina oraindik egunak falta dira eta jendeak erantzutea espero dugu. Horregatik, barixaku arratsaldean Untzagan postua jarriko dugu kamisetak saltzeko eta baita Amaña es la Caña-ren kioskoan ere. Bestela, Untzagako Jubilatuen Etxean eta gure egoitzan kamisetak erosteko aukera emateaz gain, rockthesport.com helbidean martxarako izena eman daiteke. Eta, esan bezala, egunean bertan ere, martxa hasi aurretik, Untzagan postua jarriko dugu. Bestalde, kamisetarekin martxarako dortsala jasotzeaz gain, QR kode bat aurkituko duzue eta, bertan sartuz gero, Ixua jatetxean bazkaria irabazteko zozketan hartu daiteke parte.
Zergatik da garrantzitsua martxa horretan parte hartzea?
Urtean zehar ekintza ugari egiten ditugu (kanpainak, ibilbide osasuntsuak, hitzaldiak…) eta, gainera, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak doakoak izaten dira eta horrelako ekintzak egiten ditugu horiek finantzatzeko. Aipatu behar da, bestalde, arreta ez zaiola pazienteari bakarrik eskaintzen, familiek ere arreta psikologikoa jasotzen baitute, besteak beste. Horrez gain, elkarteak materiala ematen die beharra dutenei (adibidez, hilabeteak ohean pasa behar dituzten pazienteei), eta hori guztia ordaintzeko herritarren babesa ezinbestekoa da. Zentzu horretan, martxa hau oso garrantzitsua da guretzat, bertan jende ugarik hartzen duelako parte eta ikusgarritasuna ematen digulako.