Mirari eta Aintzane trikitilarien "Bidea hauspotzen" diskoa salgai
2016/07/11
19:00
eta kitto!
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek "Bidea hauspotzen" diskoa kaleratu dute, 13 kanturekin, eta gehienetan musika zein hitzak eurek sortutakoak dira. Lana Legarreko estudioan grabatu dute, Walter Tuzzeo soinu-teknikariarekin, eta ia urtebete eman dute horretan. Lanaren grabazioan hainbaten laguntza izan dute: Walter Tuzzeok berak instrumentu desberdinekin (baxu, gitarra eta shakerrarekin) lagundu die; Eugenio Gisasola "Lutxurdiok" bateria jo du kantu askotan; Trio Medianoche-ko Bernardo Aguilerak gitarra eta txarangoarekin lagundu die; eta Eli Andrinuak pianoa jo du kantu batean. Horiekin batera, etxekoen kolaborazioa ere izan dute: kantu batean Eugeni Uberak (Aintzaneren amak) eta Ander anaiak hartu dute parte eta, gainera, kantu baten musika eta beste kantu baten letra ere amarenak direla azaldu digu panderojole eibartarrak. Diskoa 10 eurotan ipini dute salgai eta Eibarren Sagarbitza tabernan, Arrate Irratian edo Kantabria jatetxean erosi daiteke. Eta Eibartik kanpora ere, beste herri batzuetan ipini dute saltzen.