Miren Gisasola, kofradiako kidea: "Kofradiakoak amabirjiñaz arduratu ezean, ez litzateko prozesiorik egingo"
- Zelan sortu zen zuek amabirjiña prozesioan ateratzeko aukera?
Horren ardura betidanik kofradiako gizonek izan dute, baina guk umetatik lagundu diegu prozesioaren inguruko kontu guztiak prestatzen eta prozesioetan ere izan gara aurretik parte hartzen, anderoen aldamenean kandelak eta lazoak eramaten. Txikitatik bizi izan ditugu amabirjiñaren inguruko ospakizunak eta horien inguruko beste guztiak, giro horretan hazi gara eta gustora egiten ditugu horrelako beharrak. Prozesioaren aurretik dena prestatzeko beharrean geundela, amabirjiña eliza barruko bere txokotik ateratzean uste baino pisu gutxiago zuela ikusi eta lau neskak gainean eramateko moduan geundela konturatu ginen. Horregatik, anderoetako asko urteetan aurrera doazenez, eta guk zamari eusteko arazorik ez genuela ikusita, kofradia egunean guk eramatea erabaki genuen. Gainera, egun horretako ibilbidea Arrate egunekoa baino laburragoa izaten denez, ondo moldatuko ginela begitandu zitzaigun eta hala animatu ginen Akondia baserriko Mari Jose eta hiru ahizpak, Ane Miren, Jaione eta ni neu.
- Arrateko ama ezagutzen ez duen eibartarrik ez da izango, baina askok ez dute jakingo amabirjiñak kofradia duela. Nortzuk osatzen dute kofradia eta zeintzuk dira bere zeregin nagusiak?
Arraten eta inguruan bizi diren baserritarrek osatutako kofradia da eta bertako kideek amabirjiña bera zein bere inguruko beste kontu guztiak zaintzen arduratzen dira. Amabirjiña prozesioan atera baino lehen jantzi egiten dugu, apaindu, diamantezko koroa ipini, kandelak, lazoak eta bestelako guztiak ipinita apaindu…. Amabirjiñak esanahi haundixa daka ikustera joaten diren guztientzat, baina kofradiako kideek egiten duten beharra egin ezean, inork ardura hori hartu ezean, ospakizunak eta amabirjiña bera desagertu egingo lirateke.
- Jaietan ardura handiko beharra egiten duzue, baina gazteak ere bazarete. Nola bizi dituzue jaiak?
Gazteak garen aldetik, besteen moduan bezperako gauean parrandan ibiltzea gustatzen zaigu, baina horrela ibilita ere badakigu hurrengo egunean ardura bat daukagula eta, lo gutxi eginda ere, han izango garela. Gainera pozik betetzen dugun lana da, guretzat Arrateko amaren inguruko guztiek oso esanahi berezia dutelako.
- Eta nolakoa izan zen iazko esperientzia? Nola bizi zenuten prozesioa amabirjiña zuek eramanda?
Prozesioaren inguruan egoten den giroa oso berezia izaten da, amabirjiña pasatzen joaten den neurrian jendea ixil ixilik nola geratzen den ikustea, zenbat maite duten sentitzea… Eta iazkoa, gu andero ginela, are bereziagoa izan zen. Guk umetatik bizi izan dugu giro hori eta iaz harrotasun handiarekin atera genuen amabirjiña, ardura hori guretzat ohore handia delako.